Emakumeen kontrako indarkeria

Gizonezko batek larri zauritu du emakume bat labanaz Donostian

Larrialdiko ebakuntza egiten ari zaizkio andreari Donostiako Ospitalean.Erasoa gertatu eta segituan atxilotu dute gizona. Zenbait iturriren arabera, maitasun harremana izana zuten. San Martin kalean gertatu da erasoa, 46. atariaren aurrealdean, 10:30 inguruan.

2007ko apirilaren 2a
15:30
Entzun
Gizonezko batek labanarekin egin dio eraso 32 urteko emakumezko bati, Donostian, San Martin kaleko 46. atariaren aurrealdean. Udaltzaingoko eta Osakidetzako iturriek agertu dutenez, 10:30ak inguruan gertatu da erasoa: San Martin kaleko arropa garbitegi batean zegoen emakumezkoa, lanean. Halako batean, gizona sartu eta labanarekin erasoka hasi zaio. Ihesika kalera ateratzea lortu du emakumezkoak, eta hanlurrera bota eta labana sartzen jarraitu du gizonak.

Handik 15 bat metrora Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuen zentrala dago, eta erasoen lekukoen garraisiak entzutean gertatzen ari zenaz jabetu da hango zaindaria. Erasotzaileari aurre egin dio eta mendean hartu du. Handik gutxira udaltzain bat iritsi da, eta atxilotou egin du. Ondoren, larrialdi zerbitzuen zentraleko medikuei hotsegin die zaindariak, eta haiek artatu dute biktima anbulantzia medikalizatua iritsi den arte. Osakidetzako iturriek agertu dute larrialdiko ebakuntza egiten ari zaizkiola. Hainbat labankada ditu 32 urteko E.P.L.A.k, haietako bat lepoan.

Udaltzaingoko iturrien arabera, 31 urteko R.E.A.M. da erasotzailea, Bartzelonako bizilaguna.

Zenbait iturriren arabera, biktimak eta erasotzaileak maitasun harremana izan zuten iraganean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.