Patxi Calleirasek eta Lander Aurrekoetxeak gose greba hasi dute larunbat honetan Iruñeko Katakrak liburu dendan, Palestinarekiko elkartasunez Global Sumud Flotillan parte hartu zuten kideei elkartasuna adierazteko eta, bereziki, oraindik atxilotuta dauden Saif Abukesheken eta Thiago Avilaren egoera salatzeko. Jakinarazi dutenez, Bilbon ere beste bi lagunek bat egingo dute gose grebarekin. Protestak iraun bitartean, egunero 12:30ean elkarretaratzeak egingo dituzte Iruñeko Merindadeen plazan.
Apirilaren 30ean Israelek flotilla geldiarazi zuen, eta 177 ekintzaile atxilotu. Elkartasun ekintza horretan parte hartu zutenetako bi izan ziren Calleiras eta Aurrekoetxea. Saif Abukeshek eta Thiago Avila dira oraindik atxilotuta dauden bakarrak; lehenak palestinar jatorria du, baina Espainiako nazionalitatea —Katalunian bizi da—; bigarrena brasildarra da. Abukeshek gose eta egarri greban dago, eta Avila, berriz, gose greban. Duela bost egun beren abokatuekin egindako bilera batean, ekintzaileek salatu zuten ziegetan intentsitate handiko argia piztua zutela eguneko 24 orduetan.
«Datozen orduetan» aske
Haiekiko elkartasunez abiatu duten gose greba aurkezten ari ziren une berean, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak jakinarazi du Israelek Espainiako kontsulatuari esan diola «datozen orduetan» askatuko dituela Abukeshek eta Avila. Ashkelongo Magistratuen Auzitegiak (Israel) saio bat egitekoa zuen bihar, ekintzaileak atxiloaldian jarraituko zuten ala aske utziko zituzten erabakitzeko.
Calleirasek eta Aurrekoetxeak, hala ere, protestari ekitea erabaki dute. Ekintzaren helburuak azaldu ditu Aurrekoetxeak. Salatu du Israelgo agintarien erabakia «pirateria ekintza» bat izan zela, nazioarteko uretan —«Israelgo kostatik 700 miliatara»— geldiarazi baitzituzten, eta flotillako kideen atxiloketak «legez kanpoko bahiketak» izan zirela adierazi du —tratu txarrak jasan zituzten—. Gogoratu du, halaber, flotillaren helburua Gazara laguntza humanitarioa eramatea zela. Hala, haien arabera, Israelek nazioarteko zuzenbidea larri urratu zuen eta, horregatik, nazioarteko komunitateak zigortu egin beharko lukeela uste dute.
Nazio Batuen Erakundeak Israeli eskatu dio bi ekintzaileak «berehala eta baldintzarik gabe» askatzeko, eta gogoratu du ez dela delitua elkartasuna adieraztea eta Gazako herritarrei laguntza humanitarioa eramaten saiatzea.
Protestak Samaniegon
Gaur goizean, Global Sumud Flotillako ekintzaileek protesta egin dute Samaniegoko jauregian eta Macan upategian (Araba), Sionistak kanpora lelopean.
Ekintzaileek salatu dute bi eraikin horiek Rothschild familiarenak direla eta familia horrek «harreman historikoak» izan dituela mugimendu sionistarekin eta Israelgo Estatuaren sorrerarekin. Hala, adierazi dute ez dutela nahi «estatu genozida bati laguntzen dion enpresa edo familia sionistarik Euskal Herrian».

Mobilizazioak ordu erdi inguru iraun du. Lehenik jauregiaren aurrean bildu dira, eta ondoren upategira joan dira. Ertzaintza bertaratu denean amaitu da protesta; hamar lagun identifikatu dituzte.
Plataformak gogoratu duenez, Euskal Herrian egin duten bosgarren ekintza da. Orain arte, batik bat CAF enpresa izan dute jomugan, konpainia horren aurka Beasainen (Gipuzkoa), Zornotzan (Bizkaia), Bilbon eta Donostian egindako protestetan. Mugimenduak gogorarazi du CAF Francesca Albanese Palestinari buruzko NBEren kontalari bereziaren «zerrenda beltzean» ageri dela.