«Gure erara moldatuko ditugu». Horixe erran du Nafarroako Gizarte Politiketarako kontseilari Jesus Pejenautek Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legeari egindako aldaketei eta murrizketei buruz. Hainbat puntu derrigorrean ezarri beharrekoak direla erran du kontseilariak Nafarroako Parlamentuan, Gizarte Ongizateko Batzordeko kideen aurrean egindako lehendabiziko agerraldian. «Bertze zenbait, berriz, Nafarroak duen autonomia eta eskumenak baliatuz egokituko ditugu», gaineratu du Pejenautek.
Ondorioz, murrizketak Nafarroan ez direla Espainian bezain «nabarmenak» izanen erran du Pejenautek. Eta mezu hori nabarmendu du parlamentarien aurrean. Oposizioko taldeek, ordea, ez dituzte ontzat jo kontseilariaren azalpenak. Defendatu dute oraingoak ez direla mendekotasunaren esparruan ezarritako lehenengo murrizketak, eta azken neurriek, Nafarroak bere modura egokituko baditu ere, are gehiago kaskartuko dutela jada «larria» den mendeko pertsonen egoera, baita haien senideena ere.
Ezarri beharreko derrigorrezko puntuen artean, Pejenautek nabarmendu du, batetik, mendetasuna duten pertsonak zaintzen dituzten senideek Gizarte Segurantzan kotizatzeari utziko diotela, 2013ko urtarriletik aurrera; bertzetik, mendetasun gradu bakoitzeko mailak desagertuko direla. Mendetasun handia, larria eta mugatua duten pertsonek osatzen dituzte dauden hiru graduak. Orain arte, gradu bakoitzeko bi maila zeuden. Kontseilariak azaldu du, hirugarrenik, Espainiako Gobernuak zerbitzuak eskaintzeari emanen diola lehentasuna, familiak diruz laguntzeari baino gehiago.
Nafarroak, bere aldaketak
Espainiak onartutako aldaketen harira, bertzalde, mendekotasuna duen pertsona batek laguntza jasotzeko eskaera egiten duenetik jaso arteko epea bi urtera luzatuko da. Nafarroak, berriz, orain arteko sei hilabeteko epeari eutsiko dio, «eta atzeraeraginezko izaera izanen du, Espainiako Gobernuaren legean ez bezala».
Mendetasun mugatua duten pertsonei dagokienez, laguntza sisteman sartzeko epea 2015eko uztailera atzeratu du Espainiako Gobernuak. «Guk pertsona horiek artatzen ditugu jada, eta haiek artatzen jarraituko dugu», zehaztu du Pejenautek. Mendetasuna duten pertsonak etxean artatzeko laguntzei ere eutsiko die Nafarroak, kontseilariak gaineratu duenez.
Pejenauteren azalpenek ez dituzte uxatu Ezkerrako parlamentari Txema Mauleonen kezkak. Talde horrek eta PSNk eskatuta egin du agerraldia kontseilariak. «Espainiak eta Nafarroak lehendik hainbat murrizketa ezarri zuten, eta murrizketak ezartzen jarraitzen dute. Egia da Nafarroak ez duela egin Espainiak bezain murrizketa nabarmena, baina %15 jaitsi ditu laguntzak orain, eta ez da lehenengo aldia. Ahulenen aurka ari da Nafarroako Gobernua azken urtean».
NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek eta Bilduko Bikendi Bareak harago jo dute, eta «eredu aldaketa» eskatu dute. «Pertsonak oinarri izanen dituen eredua behar dugu; Nafarroako Gobernua ez da horren alde egiten ari; sektore publikoa hutsean uzten ari da», erran du Fernandez de Garaialdek. Bareak gaineratu du arazoa ez dela diru falta: «Kontua ez da sistema bideragarria ez denik; kontua da diru publikoa nola biltzen den eta zertan erabiltzen den».
PSNko Roman Felonesek, batez ere, aurreko kontseilari Elena Torresen bidez Gizarte Politiketarako Departamentuan egindako lana goraipatu du. Oraingo murrizketei buruz, berriz, azpimarratu du ez direla funtsezkoak, nahiz eta hainbat «beharrezkoak» izan.
PPNko ordezkari Eloy Villanuevarentzat, Espainiako Gobernuak erabaki murrizketa guztiak dira beharrezkoak egungo krisi egoeran. UPNko Jose Antonio Rapunek, berriz, oposizioko kideen kritikak bazter utzi, eta kontseilariak emandako azalpenekin bat egin du.
Autogobernuaren alde
Mendekotasun Legeari buruzko murrizketak ez ezartzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta erabaki hori txalotu du Eusko Jaurlaritzak. Urrats hori bera egiteko eta autogobernua defendatzeko eskatu die Arabako eta Bizkaiko foru aldundiei ere.
«Erabaki horrek bat egiten du Eusko Jaurlaritzak Mendekotasun Legearen erreforma ez ezartzeko duen jarrerarekin», erran du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak.
Gobernuak «bere erara» moldatuko du Mendekotasun Legea Nafarroan
Gipuzkoak egin bezala, murrizketak ez ezartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzak Arabari eta Bizkaiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu