Xabier Agirre buru duen Arabako Foru Aldundia «politikoki ezegonkorra eta ahula» dela aurpegiratu diote oposizioko kideek jeltzaleei, Arabako Biltzar Nagusietan egiten ari diren eztabaidan. Politika orokorrerako eztabaida egin zuten Arabako Biltzarrean atzo eta herenegun. Oposizioko taldeen txanda izan zen atzo, eta gobernuak «eskuetatik irrist» egin diola leporatu zioten taldeek Xabier Agirre ahaldun nagusiari.
Javier de Andres PPko biltzarkidearen iritzian, jeltzaleek PSE-EErengan duten «dependentziaren» ondorioa da joan zen astean gertatu zen gobernu haustura. EAJk EArekin zuen gobernu akordioa joan zen astean hautsi zen, Agirren EAko bi legebiltzarkideak gobernutik bota zituenean. Hamalau biltzarkideren babesa besterik ez du orain Agirreren gobernuak, eta edozein erabaki aurrera ateratzeko ezintasunak izango ditu, taldeekin akordioak egin ezean. Aurrekontuak onartzea izango du aurreneko erronka, eta, itxura guztien arabera, PSErekin egingo du akordioa.
Txarli Prieto PSEko biltzarkidea aurrekontuetarako akordioa egiteko prest agertu zen atzoko saioan, baina Agirreren gobernuarentzat kritikak ere izan zituen. Gobernu hori «ahula» dela esan zuen, «gobernuak egiten, mantentzen, susmopetik ateratzen eta gatazkak konpontzen ez dakielako».
Legegintzaldia «unionisten esku» amaituko duela aurpegiratu dio EAko biltzarkide Lauren Uriak, Agirreri. Krisi ekonomikoaren garaian «gobernura iristera lagundu ziotenak baztertzea aurpegiratu dio eta pentsioen erreforman murrizketak eta halako neurriak proposatzen dituenen eskutik» joatea.
Aitor Bezares ezker abertzaleko biltzarkideak Prietok markatutako ibilbide orrian eroso sentitzen al den galdetu dio, eta Iñaki Aldekoa Aralarreko biltzarkideak itzal askoko gobernua izatea leporatu dio.
Kritika guztiei erantzuteko aukera ere izan zuen ahaldun nagusiak. Arabako Gobernua PPren esku egon zenean diputatuen hiru kargugabetze gertatu zirela ekarri du gogora. PSEri, berriz, Kataluniako bozetan izandako porrota ekarri dio gogora, eta «sozialistek gobernu ahulez hitz egiteko egun egokia» ez dela azpimarratu.
Gobernuak irrist egin diola aurpegiratu diote Agirreri
Foru Aldunditik EAko bi legebiltzarkideak bota ostean, urtero egiten den eztabaida egin dute Araban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu