«Gogor eta zorrotz»

Bi hamarkada igaro dira PPk eta PSOEk euskal presoei ezarritako salbuespen legedia onartu zutenetik. Ordukoa da Aznarren esaldi ezaguna: «Kartzelan usteldu daitezela».

JUSTICIA-BALANCE
Jose Maria Michavila, artxiboko irudi batean. JUANJO MARTIN / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Egun euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen politikek beste testuinguru politiko eta sozial bat dute sorburu. Zehazki, XXI. mende hasierakoa, Teresa Whitfield idazleak euskal politikagintzak trantsiziotik jasaniko krisi sakonenaren garai gisa definitu zuenekoa. Atzean geratu zen Lizarra-Garazi akordioa, eta atzean Espainiako Gobernuak «Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren inguruarekin» egindako elkarrizketak eta presoen gerturatzeak. PPk eta PSOEk sinatutako Askatasunaren Aldeko eta Terrorismoaren Aurkako Itunaren ostean, bestelako norabide bat hartu zuen Espainiako Gobernuak, jomugan jarrita, besteak beste, espetxe politika. Jose Maria Aznar gobernuburuak argi adierazi zuen helburua, 7/2003 Lege Organikoa hizpide zuela: «Kartzelan usteldu daitezela».

Lizarrako itunaren testuinguruan ezarritako su etenaren amaiera iragarri zuen ETAk 1999ko azaroaren 28an, eta 2000ko urtarrilaren 21ean Pedro Antonio Blanco militarra hil zuen; urte hartan, 23 lagun hil zituen denera. Bide hori hartu izanak, baina, Madrilen erantzuna eragin zuen. 2000ko abenduan, Terrorismoaren Aurkako Ituna sinatu zuten PPk eta PSOEk, «terrorismoa estatu arazo» gisa definituz eta gatazka politikorik izatea ukatuz. Hitzetatik haratago ere egin zuten, baina.

Itunean, bi alderdiek atea ireki zioten lege aldaketak egiteari «terrorismoari laguntzeko edo terrorismoa egitera bultzatzeko delitu mota edo jarrera eta jokabide berriak sortzen badira». Eta hala iritsi zen taula politikoa hankaz gora jarri zuen aldaketa, 2002an: Espainiako Gorteek Alderdien Legea onartu zuten. Finean, gerora PPko eta PSOEko zenbait kidek aitortu zutenez, legearen helburua izan zen ezker abertzalearen marka instituzionalak —Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna— erakundeetatik kanpo uztea eta hauteskundeetara aurkeztea eragoztea.

Bada, baina, Askatasunaren Aldeko eta Terrorismoaren Aurkako Itunean kontuan hartu beharreko beste elementu bat. Puntuetako batean, erreferentzia egin zieten euskal presoei ezarritako zigorrei, esanez espetxe politika ETA «jazartzeko estrategiaren atal» bat zela: «Zigortuak gogor eta zorrotz zigortzeko moduan erabili behar da espetxe politika».

Ordurako, hamarkada bat baino gehiago zen «espetxe sistema politika antiterroristan txertatu» zuela Felipe Gonzalezen gobernuak. Termino horietan hitz egin zuen Antoni Asuncion Espainiako Espetxe Erakundeen arduradun ohiak 1987an ezarritako urruntze eta sakabanaketa politikaz aritzeko. Aznarrek eta Jose Maria Michavila Justizia ministroak, baina, beste urrats sorta bat egin nahi izan zuten motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikak gogortzeko. Helburua, Justizia ministroaren esanetan, erakunde armatuaren «inpunitatea» amaitzea zen: «Espainia jada ez da izango atentatu terroristak egitea merke aterako den herrialde bat».

Hala, legealdia amaitu aurretik, euskal presoen egoerari zuzenean eragingo zioten bi erreforma sustatu zituzten: 5/2003 eta 7/2003 lege organikoak. Lehenak, 2003ko maiatzaren 27an onartutakoak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren esku utzi zuen euskal presoen espetxe egoeraren inguruko erabaki oro, espetxeak dauden lurraldeetako auzitegien eskumenekoa izan beharrean. Hain zuzen, erreforma hori da egun Auzitegi Nazionalari bide ematen diona Eusko Jaurlaritzak onartutako gradu progresioak atzera botatzeko, auzi horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaitegiek jorratu beharrean.

7/2003 Lege Organikoa, berriz, ekainaren 30ean onartu zuten Espainiako Gorteek. Zigor Kodea, Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Espetxeen Lege Organikoa moldatu zituzten; besteak beste, «terrorismo delituengatik» zigortutakoen gehienezko espetxealdia 30 urtetik 40ra luzatzeko, eta gradu aldaketak jasotzeko epeak eta baldintzak aldatzeko. Besteak beste, egun fiskalak progresioen kontrako argudio gisa erabiltzen duen «barkamen» eskaerak hor du jatorria.

Lege horiek aurrera ateratzeko, PPk nahikoa zuen Espainiako Kongresuan eta Senatuan zuen gehiengo osoa, baina babes zabalagoa eskuratu zuen bi kasuetan. Eusko Jaurlaritzaren eta alderdi abertzaleen kritiken kontra, popularrek PSOEren aldeko botoak eskuratu zituzten, besteak beste. Izatez, sozialistak birritan izan dira ondoren Espainiako Gobernuan, Jose Luis Rodriguez Zapatero (2004-2011) eta Pedro Sanchezen (2018-gaur egun) agintaldietan, baina, oraingoz, ez da lege horien erreformarik sustatu.

Zigor metaketa

2014ko azaroaren 12an, «Europako Batasuneko aurrekari penalen informazioen eta ebazpen judizial penalen gogoeten trukaketaren inguruko» legea onartu zuten Espainiako Gorteek. Haren arabera, Espainiak ez zituen kontuan hartuko EBko beste estatu batzuetan betetako zigor urteak «beste estatu kideetako auzitegiek zigor epaia eman aurretik egindako delituengatik» irekita zeuden prozesuen kasuan. Hau da, euskal presoen kasuan, ez dira kontuan hartzen Frantziaren menpeko espetxeetan betetako zigor urteak, eta zenbaketa zerotik hasten da Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako espetxealdia betetzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.