Urruntzearen amaierak eta gradu progresioen auziak markatu dute 2023a

Salbuespen politiken ondorioak agerikoak dira euskal presoen egoeran. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan onartutako zenbait hirugarren graduk epaileen ezetza jaso dute; Nafarroan, berriz, ez da progresiorik onartu.

Zaballa espetxea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Euskal presoen egoerari dagokionez, 2023ak titular bat utzi badu, urruntze eta sakabanaketa politikaren amaierarena utzi du: martxoaren amaieran iragarri zuen Madrilek Espainian geratzen ziren azken motibazio politikoko euskal presoen Euskal Herriratzea. Halere, izan da behin eta berriz errepikatu den beste albiste bat, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen aurka jarritako helegiteena, eta horien ondorioz iritsitako gradu erregresioena.

Egun, 150 inguru dira euskal presoak, eta, Etxerat elkartearen datuen arabera —EPPK-ko kideak soilik hartzen ditu kontuan—, horietatik hamalauk gaixotasun larriak dituzte. Preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan daude: 82 Araban, 32 Gipuzkoan, hemezortzi Bizkaian eta zazpi Nafarroan. Horiez gain, baina, beste bederatzi lagun Euskal Herritik aparte ari dira betetzen euren zigorrak: zazpi preso daude Lannemezango espetxean (Okzitania, 290 kilometrora), eta bi Reaun (Frantzia, 890 kilometrora). Zigorrak kartzeletatik kanpo betetzen ari direnak ere badira: bat Besarkada Etxean (Araba) eta beste 11 etxean.

Preso politikoen mapa
 

Lekuaz gain, graduari erreparatuz gero, Frantziaren menpeko kartzeletan dauden preso ia denei kendu diete DPS estatus berezia. Hego Euskal Herrian daudenen artean, berriz, bigarren graduan daude gehienak. Hirugarrenean, berriz, 25 besterik ez, nahiz eta, Sare Herritarraren arabera, 115ek gutxienez betetzen dituzten horretarako baldintzak.

Izatez, gradu progresioena da tentsio gai nagusietako bat. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako tratamendu batzordeen onespenarekin, 27 hirugarren gradu onartu zituen iaz —Nafarroan, bakar bat ere ez da onartu—. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, baina, horietako hamarri jarri die helegitea, eta Espetxe Zaintza Epaitegi Zentralak sei bota ditu atzera; bi progresio onartu ditu, eta bi preso ebazpenaren zain daude. Horri, 2022ko progresioei jarritako helegiteen ondorenak batu behar zaizkie: beste lau erregresio.

Izan dira, gainera, euren gradu progresioa bigarren aldiz baliogabetua ikusi duten presoak ere. Besteak beste, Juan Carlos Subijanari, Joseba Borderi eta Andoni Otegiri hala gertatu zitzaien azaroan. Gainera, lehen auzian ez bezala, bigarrenean apenas atera ziren espetxetik ebazpena iritsi bitarte. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen bat dela medio, 2023tik aurrera martxan jarritako auzietan fiskalaren helegitea nahikoa da progresioa behin-behinean eteteko.

Salbuespen legeen ondorioak jasaten dituzten preso gehiago ere badira. Etxerat-en arabera, 45 presok beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak, eta hirurogei ingururi aplikatu diete 7/2003 Lege Organikoa. Era berean, 45 euskal presori ez dizkiete zenbatu Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako kondenetan.

Hemezortzi, aske

Sare Herritarraren datuen arabera, iaz hogei baldintzapeko askatasun onartu zituzten: hamasei Hego Euskal Herrian zeuden preso, eta lau Frantzian. Era berean, hemezortzi lagun geratu ziren aske, zigor osoa beteta; horietako baldintzapean aske zeuden aurrez.

Espetxeratzeak ere izan dira. Irailean atxilotu eta kartzelatu zituzten Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak. Aurrez, maiatzean, Asier Ezeiza euskal preso ohia espetxeratzeko ere agindu zuen Auzitegi Nazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.