Arratsaldean berriro ere gori-gori jarri da giroa Errekalde auzoan, Bilbon. Kukutzaren aldeko manifestazioaren amaieran, gaztetxearen atariraino iritsi dira manifestariak. Han Ertzaintzarekin topo egin eta tentsio uneak hasi dira. Halako batean, herritarren aurka jotzen hasi da Ertzaintza, borraz eta gomazko pilotekin. Une honetan kale ugari —Gordoniz esaterako— guztiz itxita ditu Poliziak, eta jende asko babestuta dago tabernetan eta portaletan. Kargak eta lasterketak etengabeak dira.
17:45ean manifestazioari ekin diote, Amezola plazan, gaztetxearen alde eta Ertzaintzaren jarreraren aurka. Hiru mila lagun pasa bildu dira. Hainbat eragile dira babesa agertu dutenak. Martxaren hasieran (bideoa) ertzain gutxi azaldu dira, baina bukaeran —Kukutzan— beltzez jantzitako 50en bat ertzain zeuden.
Kukutza Bilboko Gaztetxeko abokatuak gaur arratsaldean jakinarazi du Ertzaintzak goizean egin duen operazioa saihesterik bazegoela, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kontuan hartuko balu Errekaldeberriz Errekalde auzoko auzo elkarteak auzitegietan helegitea sartuta zeukala. Ondorioz, abokatuak uste du "lege akatsa" egin duela Jaurlaritzak.
Aitziber Ibaibarriaga Bilduko kidearekin, Josu Murgia Aralarrekoarekin, Mikel Arana EBkoarekin eta Errekaldeberrizeko ordezkari batekin prentsaurrekoa eman du Kukutzako abokatuak Bilbon, arratsaldean. "Garbi" utzi nahi izan dute goizean "indarkeria erabili duen bakarra Ertzaintza" izan dela. Arana eusko legebiltzarkideak azaldu du kontuak eskatuko dizkiela Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari eta Blanca Urgell Kulturakoari.
Errekaldeberriz elkarteak gaur goizean salaketa jarri du, eta hori aintzat hartuz, Bilboko Epaitegiko bosgarren aretoko epaileak bertan behera utzi du Kukutzaren eraistea. Erabaki hori, ordea, goizean Ertzaintza gaztetxean sartu ostean etorri da.
Auzo elkarteak aurreko astean helegitea jarri zion Udalak Kukutza hustu eta eraikina botatzeko eman zuen baimenaren aurka, eta helegite hori buruz oraindik ez dela erabakirik hartu argudiatu du auzo elkarteak. Jakin denez, auzitegiak bihar aztertuko du helegite hori.
Aresek ertzainak zoriondu ditu
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak operazioan parte hartutako ertzainak zoriondu ditu arratsaldean, prentsaurrekoan. Haren arabera, ertzainen jokabidea "neurrikoa eta profesionala" izan da, gaztetxean zeudenek indarkeria erabili dutela esan baitu, teilatu aldetik gauzak botaz.
Sailburuak jakinarazi du 30 lagun atzeman dituztela; horietatik 23, gaztetxe barruan. Haren arabera, ertzainek hiru lagun zauritu dituzte, hirurak "arin".
"Eraso basatia"
Errekaldeberriz auzo elkarteak eguerdian salatu du goizekoa eraso "basatia" izan dela, eta Ertzaintzak auzoan alarma sortu duela bizilagunengan. "Gaur, beste inoiz baino gehiago, ez dugu egoera hau ulertzen". Errekaldeberrizek gaineratu du Kukutza kulturarako sarbidea dela auzoan, eta horren aurrean eskaini dieten gauza bakarra gaur goizeko Ertzaintzaren jokabidea izan dela. Horregatik dei egin dute gaur arratsaldean Ametzola plazan abiatuko den manifestazioan parte haratzera, "elkartasun olatua auzoarentzat hain beharrezkoa den azpiegituraren aldeko giza marea bihurtzeko". Azkenik, alde guztien eskubideak betetzeko konponbideak daudela azpimarratu dute.
Epailearen aginduz, beraz, gutxienez Cabisa enpresak ezingo du Kukutza Gaztetxea dagoen eraikina botatzen hasi, ez behintzat auzo elkarteak jarritako helegiteaz erabaki bitartean. Ertzaintza gaur goizean hasi da Kukutza husten eraikina eraitsi dezaten, Bilboko Udalak aginduta. Eraikinean hainbat lagun zeuden, eta Kukutzarekiko elkartasunez kanpoaldean ehunka lagun bildu dira. Ertzaintzak 30 lagun atxilotu ditu; zazpiri, kanpoan atxilotutakei, desodena leporatu diete eta besteei, azken solairuan eutsi dutenei, autoritatearen aurkako atentatua eta usurpazioa. Gainera, 36 lagun zauritu ditu Ertzaintzak, horietako bat Kukutza barruan pilota batekin aurpegian jota.
05:00etan hasi da operazioa
Ertzaintza 10:30ean iritsi da Bilboko Kukutza Gaztetxearen laugarren solairura eta gaur goizaldetik itxita zeudenak atxiki ditu. Argazkietan ikus daitekeenez gogor hartu ditu, eta talde txikietan aterarazi ditu kanpora. Goizeko 05:00etan hasi da Ertzaintza Gaztetxea husten, furgonetez, tanketez eta helikopteroaz lagundurik, eta eraikinaren barruan eta kanpoan kargatu du. Gainera, tanketa batekin sartu dira gaztetxe barrura, eta barra zena txikitu dute. Atxilotuez gain, Iñaki Carro Bilboko okupazioaren aldeko mugimenduko abokatua eta kazetari bat atxiki dituzte taberna batean. Auzoa "militarki" hartu dutela salatu dute auzokideek.
Eusko Legebiltzarreko hainbat parlamentari hurbildu dira goizean Errekalde auzora: Juanjo Agirrezabala EAkoa, Dani Maeztu Aralarrekoa eta Mikel Arana Ezker Batukoa. Parlamentariek esan dute kargu publiko izanik, eskubidea dutela barrura zer gertatzen zen jakiteko, eta Rodolfo Ares Barne sailburuarekin hitz egin dute telefonoz. Ez diete utzi, ordea. EAk, Aralarrek eta Ezker Batuak Ares, Iñaki Azkuna eta Blanca Urgell deitu dituzte Legebiltzarrera azalpenak ematera. Alternatibak Kukutzaren kontrako “eraso militarra” gaitzestera deitu du.
Telefono deiak arartekoari
Parlamentarien babesaz gain, Kukutzak Iñigo Lamarca EAEko arartekoaren bultzada ere jaso du, horrek espedientea zabalduko duela iragarri baitu. Bere bulegoko bi langile Errekalde auzoa izan dira gertatutakoa ikusten. Arartekoak ohar batean azaldu duenez, gaur goizean hainbat dei jaso ditu Kukutzan gertatzen ari zenaz ohartarazteko, eta ofizioz ireki du informazio-espedientea, "Kukutza zentroa husteko agintzen duen erabaki judizialaren betearazpenaren aurrean Ertzaintzak izandako jardueraren inguruabarrak ikertzeko". Telefono deiek "operazioan esku hartzen ari diren zenbait agenteren ustezko ekintza neurrigabeez" ohartarazi dute.
Eraikinean eta inguruetan kargatzeaz gain, Kukutza Gaztetxeko arduradunak gaur 10:00etan ematekoak ziren prentsaurrekoan ere kargatu dute ertzainek. Goizean goiz hasi den eraikinaren hustearen inguruko iritzia ematekoak ziren gaztetxekoak, eta kargaren ondoren Errekalde auzoko plazara joan dira; karga eta karga artean hitz egin dute azkenean, eta Ertzaintzaren bortizkeria salatu dute. "Ez gara geldirik egongo gure etxea suntsitzen duten bitartean", esan dute aurretik idatzi duten oharrean. Ondoren beste ohar batean azpimarratu dutenez, "erakuntzukizuna Iñaki Azkuna alkatearena, Eusko Jaurlaritzarena eta Cabisa enpresarena da".
Ehunka lagunen babesa
Ehunka lagun izan dira prentsa agerraldian, eta salatu dute Ertzaintza "bortizki eta negarra eragiteko gasekin" agertu dela goizaldean. Iñaki Carro abokatua goizean goiz joan da ertzainen arduradunarekin hitz egitera, baina "gogor" kolpatu dute hori ere lekukoen arabera. Salatu dutenez, gainera, Ertzaintzak kalean emakume bati aldaka hautsi dio eta gizon bati, horkatila. Baieztatu gabe dago hori. Zauritutakoak ia 40 direla salatu dute: 36 inguru.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ohar batean esan du harrika hartu dituztela Kukutzara joan direnean, eta edukiontzaik bota dituztela errepidera. Lekukoek salatu dute bortizki jokatu dutela ertzainek, "oso gogor". Bilboko udaltzainek ere hustean parte hartu dute. Alboko ate batetik sartu da Ertzaintza gaztetxera rotaflexa erabiliz, eta ate nagusia ere apurtu dutela salatu dute lekukoek. Ertzaintzaren presentzia oso handia izan da goiz guztian Errekalde auzoan, eta "hartu" egin dutela salatu dute bizilagunek.
'Kukutza ikutu bez'
Hasiera batean, bigarren solairura arte iritsi dira ertzainak Jan Niemand erabiltzaileak Berriketan.info sare sozialean jakinarazi duenez. Sare sozialetan oihartzun handia izaten ari da Kukutzaren husteak, eta Trending Topic izan da Espainiako Twitterren. Laugarren solairuan lo zeudenak itxi egin dira, eta horietako zenbait terrazara igo dira Gaztetxearen aldeko banderekin. Kukutza ikutu bez dio eskegi duten pankartak. Kristalak hautsi dituzte eta leiho batetik kea ateratzen ikusi da, ziurrenik, negarra eragiteko gasarena.
Poliziarekin batera garabiak joan dira goizean Gordoniz kalera, eraikina eraisteko asmoz. Itxuraz hasiera batean garabi batekin saiatu dira gaztetxera sartzen. Ertzainek kalea inguratu dute, eta tentsio uneak bizi dira. Pilotakadak entzuten dira tarteka. Aurretik hiru karga handi izan dira. Goizaldetik 200 lagun zeuden inguruan bilduta, eta hainbat aldiz sakabanatu badidtuzte ere, une honetan ehunka dira Gaztetxearen alde bildutakoak.
Txistuak eta oihuak, Kukutzaren alde
Txistu eta oihuekin erantzun dute gaztetxearen aldekoek. Ertzaintzak Errekalde auzoa hartu du, eta edonori ari zaio azalpen eske batetik bestera mugitzeko, lekukoen arabera. Haurrak ikastetxetara zeramatzatenak ere desbideratu egiten dituzte. Herritarrak gaztetxearen alde inguruetan biltzera deitu dituzte gaztetxekoek goizean. Aurreko astean ere hainbat lagun bildu ziren, hustuko zutelako arriskuaz ohartarazteko, eta bizikleta martxa egin zuten udaletxera arduradunekin hitz egiteko. Iñaki Azkuna alkateak, ordea, ukatu egin zien bisita. "Ez ditugu sei milioi euro ordainduko Kukutza erosteko", esan zuen alkateak uztaileak.
[YouTube]http://youtu.be/e2VieT5ksyo[/YouTube]