Urduñako espetxe frankistan (Bizkaia) hil ziren beste bost lagunen gorpuzkiak identifikatu ditu Gogora institutuak. Orotara, Urduñako hilerrian topatutako 36 hilotzen gorpuzkiak identifikatu dituzte jada. 57 geratzen zaizkie.
Azken bost identifikatuak espainiarrak ziren, Extremadurakoak: Francisco Avila Martinez, Francisco Barquero Tejado, Juan Carreras Calzado, Antonio Corbacho Merino eta Francisco Navarro Marquez zuten izena. Guztiak gerra amaitu ostean atxilotu zituzten, eta kartzelan hil ziren, 1941ean.
Familiek 85 urteren ondoren berreskuratuko dituzte haien gorpuzkiak. Hain zuzen, Francisco Barquero Tejadoren familiak asteburuan jasoko ditu gorpuzkiak, Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren eta Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariaren eskutik.
Institutuaren esanetan, gizarte osoa duintzen duen prozesu bat da hau, «biktima horiei egungo gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua» ematen baitie. Identifikazio hauek 36ko gerran eta Francoren diktaduraren garaian desagertutakoak bilatzeko programa baten emaitza dira. Eusko Jaurlaritzak du martxan, eta bertan parte hartzen dute: Euskal Prospekzio Taldeak, ehorzketak topatzen; Aranzadi zientzia elkarteak, gorpuzkiak lurpetik atera eta auzitegi azterketa egiten; eta EHUko Biomics laborategiak, DNA laginak aztertzen. Hain zuzen, Gogora-k eskatu du presondegian atxilo egon zirenen senideak beraiekin harremanetan jartzeko, DNA laginak hartu eta identifikazio lanak errazteko.
36 izen eta abizen
Urduñako hilerriko desobiratze lanak 2024an amaitu ziren, eta berreskuratutako 93 pertsonaren gorpuzkietatik 36 identifikatu dituzte. Orain arte topatu duten dokumentazioaren eta identifikazioen arabera, eredu errepikakor bat dagoela ondorioztatu dute: jakin dute gorpuzkiak 1941eko martxotik ekainera bitarte hildako gizonezko presoenak direla, kartzela frankistako baldintza ankerren ondorioz hildakoak.
Urduñako Espetxe Zentraleko biktimak direla ere jakin dute, baina ez direla euskal herritarrak; hau da, gehienetan jaioterritik urrun espetxeratu zituztela. Gogora-k oharrean azaldu duenez, Urduñako kasuan, jakina da gutxienez 225 pertsona hil zirela espetxe horretan, guztiak gizonezkoak eta Espainiakoak —gehien-gehienak Extremadurakoak ziren, azken bost identifikatuak bezala—.