Goioagak esan du ez diela eman presoei ETAren agindurik

Goioaga, Garcia eta Pazen kontrako epaiketa hasi da Madrilen, Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat antolatzea egotzita16 urtera zigortu nahi dute abokatua, 5era presoa eta 8ra haren bikotekide ohia

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Atzo hasitako epaiketan, torturapean egindako adierazpenak eta beste pertsona bati ustez atzemandako agiri batzuk besterik ez dute erakutsi Espainiako Auzitegi Nazionalean Iñaki Goioaga abokatuaren, Jorge Garcia presoaren eta Ana Paz haren bikotekide izandakoaren kontra egiteko. Fiskaltzak dio Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat prestatu zutela hiruren artean, eta espetxeratu egin nahi ditu: 16 urterako Goioaga, zortzirako Paz eta seirako Garcia. Baina atzoko saioan ez zuen frogarik erakutsi ihesa hiruren artean prestatu zutela esateko. Lekuko gisa deklaratu duten bi guardia zibilek agerian utzi zuten, gainera, akusazioaren ahuldadea. Goioagaren eta Pazen kontra zergatik egin zuten galdetuta, «norbaitengan jarri behar genuen arreta», erantzun zuen haietako batek.

2008an Frantzian Javier Lopez Peña etakidea atxilotu zutenean ustez hari atzemandako agiri batzuetatik abiatu zuen Guardia Zibilak auzi hau. Atzo epaiketan deklaratu zuten bi guardia zibilek azaldu zuten Huelvako espetxetik ihes egiteko asmoen inguruan Jorge Garcia presoak sinatutako agiri bat eta harentzako erantzuna zen eskutitz bat atzeman zituztela. Presoaren eta ETAren arteko mezulari lanak nork egin zitzakeen ikertzen hasi zirenean, abokatuak eta familiakoak jarri zituzten jopuntuan. Iñaki Goioaga abokatua eta Ana Paz orduko bikotekidea aukeratu zituzten. Eskutitzen trukaketa izango zela uste duten garaian abokatu gehiago eta senitarteko gehiago ere presoarengana joan zirela aitortu ostean, ez zuten jakin zehazten zergatik aukeratu zituzten Goioaga eta Paz atxilotzeko.

Haien kontra egiteko, torturapean egindako adierazpen batzuk baliatu dituzte. Batetik, Ana Pazen beraren adierazpena daukate. Hark inkomunikatuta zegoenean esan zuen Garciak gutun-azal itxi bat eman ziola bisita batean, Goioagari eman ziezaion. Adierazpen hori ez dela egia azaldu zion, ordea, atzo epaimahaiari. Torturatu zutela eta tratu txarrak eman zizkiotela esan zuen, eta esandakoak buruz ikastera derrigortu zutela. Antsietate handia izan zuela gaineratu zuen, eta adierazpen horiek orain arte atzera bota ez baditu egun haiek pasatutakoan estres post-traumatiko handia sortu zitzaiolako dela.

Nahia Zuriarrainen eta Jose Luis Gallastegiren adierazpenak dira akusazioari eusteko beste «froga». Bi haiek epaitzen ari diren hiru lagunen egun berean atxilotu zituzten. Atzo, biek azaldu zuten torturatu egin zituztela eta Poliziaren aurrean egindako deklarazioak buruz ikastera derrigortu zituztela.

Gallastegik epaimahaiari azaldu zion ikaragarrizko flexio piloa eginarazi ziotela, «lehertu arte»; gerritik gora biluzi eta elektrodoak jartzeko imintzioak egin zizkiotela, poltsarena egin ziotela, eta bainera egiteko mehatxua ere bai. Epailearen aurrera eraman eta Poliziaren aurrean esandakoak berretsi zituenean «galdu-galdu» eginda zegoela azaldu zion Alfonso Guevara buru duen epaimahaiari, eta zer esaten zuen ere ez zekiela. Horregatik eskatu zuela gero hitzordu bat epailearekin, azalpenak emateko.

Nahia Zuriarrainek gordin kontatu zuen bere esperientzia, malkoak begian baina jarrera sendoz. «Goitik behera biluzi ninduten, eta ukitzen hasi zitzaizkidan...». Epaileak, pasatzen ari zen tratuaren jabe, esertzeko esan zion. Zuriarrainek arnasa sakon hartu eta kontatzen jarraitu zuen: gorputz osoa bildu ziotela aparrez, ur hotza bota ziotela, poltsarena egin ziotela... «Hil egingo nintzela uste nuen».

Goioagak ere deklaratu zuen atzoko auzian. Berak ihesaldirik ez duela prestatu azaldu zuen, eta inoiz ez diela eman euskal presoei ETAren agindurik. Garcia bisitatzera joan izan dela, haren abokatua delako, bere defentsa lanak egitera. Goioaga ez zen akusatuen aulkian eseri; egoitza hartan ohikoa duen abokatuen tokian eseri zen, toga eta guzti.

Gaur, Hernaniko hamar gazte

Goioaga, Garcia eta Pazen kontrako epaiketak gaur jarraituko du, baina ez da hori izango Madrilen euskal herritarren kontra egingo den epaiketa bakarra. Hernaniko hamar gazteren kontrako epaiketa hasiko da gaur. Segiko kide izan eta «talde terroristako kide» izatea egozten diete eta zazpi eta bederatzi urte arteko zigorrak eskatzen ditu Fiskaltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.