Goirizelaiak «ezinbestean» ezarriko ditu murrizketak

EHUko errektoreak dio 2013-14rako abian jarri beharko dela irakasleen eskola orduak kalkulatu ahal izateko era berria

EHUko langileak, murrizketen aurkako elkarretaratze batean. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Beste erremediorik ez daukala esan die Iñaki Goirizelaia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak irakasleei; murrizketak «ezinbestean» ezarri beharko dituela. Gutun bat helarazi zien atzo arratsean, Espainiako Gobernuaren neurriek izango duten eraginari buruzkoa. BERRIAk eskuratu ahal izan du eskutitz hori. Iragarpen bat egiten du hor Goirizelaiak: 2013-14ko ikasturterako, eredu berri bat egin beharko dute EHUn, irakasle bakoitzari zenbat eskola ordu dagozkion erabakitzeko. Errektorearen itxaropena da datorren irailean ez dituela abian jarri beharko neurriak, jadanik eginda baitaude planak.

Madrilgo gobernuaren asmoek ezinegona sortu dute unibertsitatean, eta Goirizelaiak «lasaitasun mezu bat» eman nahi izan du gutunaren bidez. Unibertsitateko irakasleen jarduna baldintzatu nahi du Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. Irizpide bakarra hartu du: ikerketan, seiurtekoa indarrean edukitzea. Ministroak uste du seiurtekorik ez dutenek ikerketarik ez dutela egiten, eta haiek eskola gehiago emateko agindu du; irakasle gutxiago beharko lirateke hartara.

Sistemarekin ez dago ados Goirizelaia: ikerketa ebaluatzeko «ñabardura» asko daudela azaldu du, eta horiek aintzat hartzen dituela orain EHUk. «Modu horri esker, inork ez du ezbaian jartzen unibertsitate ikertzailea denik EHU», dio errektoreak.Aldatu egin beharko du, ordea, sistema. 2013ko irailean indarrean jarriko dute, eta, horretarako, datorren hilean bertan egingo du proposamena Goirizelaiak: gobernu kontseilura eramango du proiektua, uztailean onartzeko asmotan.

Aldaketarik ez irailean

Datorren ikasturtean ez da izango aldaketarik, errektorearen hitzetan, betiere aurrekontuei eusten badiete eta beste araurik ematen ez badute. Sortu den egoerarekin kezkatuta dagoela aitortu du, nolanahi ere: «Dekretu horrek motibazioa galaraztea ekarriko du». Txartzat jo ditu Madrilen erabakiak, «uniformatzaileak» direla iritzita: «Ez dute kontuan hartu desberdintasun handiak daudela unibertsitate bakoitzaren langile beharretan eta baliabideetan».

Aldaketa «nahitaezko» horiek abian jartzeko «adostasuna» bilatuko duela agindu du errektoreak. Sindikatuek iragarri dute murrizketen aurka egingo dutela. Gobernu kontseilua zuten atzo EHUn, eta ohar bat irakurri zuten: murrizketak salatu, eta ez ezartzeko «ahalegin guztiak» egiteko eskatu zioten Goirizelaiari.

Irakasleen eskola orduen aldaketez soilik mintzatu da errektorea eskutitzean. Ikusteko dago, ordea, zer gertatuko den unibertsitateko gainerako murrizketekin: matrikulen prezioak igotzea, esate baterako, Eusko Jaurlaritzari dagokio —%70 garestitzea proposatu du Wertek—. Hitza emana du ez dituela garestituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.