A-8ko istripua goizeko bost eta erdiak inguruan gertatu da, eta arazo handiak sortu ditu. Goizeko zortzi eta erdietan lortu dute kamioia baztertu eta bide bat libratzea, eta piskanaka egoerak hobera egin du. Gainera, inguru berean, Muskiz parean, beste ezbehar bat gertatu da beranduago (lau autok elkar jo dute).
Gipuzkoan Elgoibar parean izan dira arazo handiak goizean:auto batek eta furgoneta batek elkar jo dute, eta gidarietako bat ibilgailu barruan harrapatuta geratu da. Suhiltzaileek atera behar izan dute eta erietxera eraman. Halaber, istripu horrek ere ilara handiak sortu ditu N-634an, 5 kilometro artekoak, Debarako noranzkoan.
Probintzia berean, N-1ean Lasarte inguruan eta A-8an Donostiako saihesbidean ere izan dira ezbeharrak, eta horrek ere zaildu egin du trafikoa. Dena den, eguerdian arazo handienak N-1ean sortu dira, Gaintxurizketa parean, Irungo noranzkoan. Lau autok elkar jo dute, eta bide bat itxita geratu da.
Nafarroan, ostera, N-135eko 11. kilometroan bi autok elkar jo dute eta bidea itxia geratu da. Halaber, N-121 errepidea Elizondotik Oronoz artean itxita dago lubizi baten ondorioz. Berroetako errepidetik ari dira trafikoa bideratzen.
Trafiko agintariek arreta handiz gidatzeko eskatzen ari dira.
Errepideak