Ibon Gojeaskoetxea euskal presoa bakartuta dagoela salatu zuen atzo haren neska-lagunak. Villepinteko espetxean (Frantzia) dagoen euskal preso bakarra da, duela bi aste euskal preso bat kartzela horretatik atera eta Espainiaratu zutenetik.
Gojeaskoetxea eta haren abokatu eta senideak kartzelako agintariekin eta epaileekin hitz egiten aritu dira, erabateko bakartzea amaitzeko bideren bat urratzeko asmoz, baina emaitzarik gabe. Gainera, euskal presoaren neska-lagunak jakinarazi duenez, tratu txarra jasotzen ari da kartzela funtzionario batengandik.
Espetxeko zuzendaritzarekin batzartu da Gojeaskoetxea, eta orain arteko tratua «zuzena» izan dela baina azkeneko aldian zuzendaritzaren jarrera guztiz aldatu dela salatu du presoaren neska-lagunak; «bisitarik gabe geratuko zela ere mehatxu egin zioten».
Duela egun gutxi ziegaz aldatu dute Gojeaskoetxea, eta lehengotik irtenarazi zutenean ez zioten gauza handirik eramaten utzi. Pixkanaka itzuli dizkiote gauza batzuk, baina ordenagailua eta beste hainbat objektu pertsonal ez. Neska-lagunak esan duenez, Gojeaskoetxea oso kezkatuta dago azken egunetan jasotzen ari den tratuaz.
Mobilizazioak
Gojeaskoetxearen egoera salatuko dute egunotan Bilbon; San Anton zubian egingo dute elkarretaratzean. Protesta gutunak ere bidaliko dizkiete Frantziako epaileei.