Futbola: era guztietako sentimenduak eta emozioak beste edozein arlotan baino askoz biziago gailentzen diren kirola. Edonon. Edonoiz. Aurkariak Ingalaterrari sartzen dion gol bakoitza ospatzen dute galesek. Eskoziarrek eta bestek anyone but England esaera dute, hau da, garailea edozein, Ingalaterra izan ezik. Duela bi urte, John McGinn erdilari eskoziarrak Ollie Watkins-i, Aston Villa-n taldekide duen aurrelari ingelesari, azaldu zion zer desio duen hura Ingalaterrarekin ari denean: «Zuk hiru gol sartzea nahi nuke. Eta 4-3 galtzea». Haren ustez, ez da ezer pertsonala , estrukturala da. Eskoziak selekzioa du. Gainera, independentzia bai ala ez erabakitzeko eskubidea izan du. Eta hala ere... Nola ez gara, ba, Espainiak galtzearen alde egongo, Madrilek Londresek Eskoziari onartutako guztia ukatzen badigu? Zipaiorik zipaioenak izango ginateke.
Espainiak Mundu Kopa irabazi du, oso ondo merezita. Zoriondu? Leku onera zatoz fandangora. Horrek ez du esan gura haren zaleei eraso behar zaienik. Ez. Baina poztu? Inola ere ez —ez gaizki ulertu: igandean ohi bezain ondo (edo txarto) egin nuen lo—. Alde guztietatik ematen digute eta zoriondu egin behar? Halakoetan kontzientzian harrik gabe jokatzea aholkatzen zuen Joan Fuster valentziarrak: «Heziera onaren parte da gaizki hezia noiz izan behar den jakitea».
Hipernazionalistarik sutsuenak dira espainiar ez-nazionalistak. Alabaina, guk burua apur bat altxatu eta geu gara nazionalistak. Futbola eta politika ez direla nahastu behar errepikatzen dute. «Oso zoriontsu egiten nau herrialde osoa batuta ikusteak», adierazi du Luis de la Fuentek. Zer herrialde? 80ko urteetan Espainiarekin jokatu zuten euskal futbolariak elkarrizketatu dituzte hedabide unionistek elastiko gorria erakusten. Orain ez daude jardunean; uko eginez gero, ez zen deus izango. Harro-harro atera dira, ukabila gora, El Cid baino espainolago. De Bilbao, pues, baina Santiago y cierra, España! Hori ez da politika egitea, noski. Ferran Torres heroiak —valentziar espainolista, Fuster ez bezala— bisera bat jantzi du ospakizunetan, Make Spain Great Again dioena —Etxe Zuriaren erreakzioa X sare sozialean: «Mundu guztiak nahi du olatura igo»—. Hori ere ez da nazionalista izatea, jakina.
Hego Euskal Herriko futbolzale zipaio eta kolono maiteok: ez eskatu zuen selekzioa, espainolistak egiteko makinarik handiena, goresteko
Izan ere, zer da yo soy español, español, español! oihua, a por ellos! haren aldaera samurra ez bada? Zer, hainbeste Viva España! eztarria urratzeraino? Ez da sukar nazionalista identitarioa, eskuinean eta ezkerrean? Gure bidaide konfederalista txit jatorrak ere hor ibili dira, Dolores Ibarruri Pasionariaren irudiaz eginiko memea lotsa gabe zabaltzen, Francok ezarri zigun monarkiaren kamiseta soinean duela. Hauekin ez Maltzagaraino, ez Trabakuaraino: autodeterminazioa eskatuz gero, Aulestin bertan ihes egingo ligukete, faxismoaren mamua esnatzen ari garela argudiatuta. Eta Maria Txibite eta Maider Etxebarria kazetarien aurrean Espainiaren kamisetagaz? Ez dakite hemen beste sentsibilitate batzuk ere badaudela eta haiek herritar guzti-guztien lehendakaria eta alkatea direla? Aburto Euskal Selekzioaren elastikoarekin azaldu balitz pantailarik ipiniko ez zuela jakinarazteko, zer ez zuten esango gure nazionalista espainiarrek!
Hego Euskal Herriko futbolzale zipaio eta kolono maiteok: ez eskatu zuen selekzioa, espainolistak egiteko makinarik handiena, goresteko. Hemengo hamaika jokalari jarrita ere ez dugu egingo. Guri dagokigunez, nahi beste gol sar ditzatela Oiartzabalek-eta, baina aurkariak, edozein dela ere, gol bat gehiago beti. Ez dugu ezer zuen jokalarien kontra, zelaian eramaten duten kamisetaren kontra baizik. Espainiak galtzea nahi dugu gure nazioaren zatirik handiena zapaltzen duen estatua delako. Gogoratu John McGinn eskoziarrak Ollie Watkins ingelesari esana: ez da ezer pertsonala, estrukturala da. Zuek zeuon arrakastak ospatu. Guk anyone horien garaipenak txalotuko ditugu. Zuen porrotak. Fuck Spain Great Again dioen bisera jantzita.