Luismi Hernando eta Esther Perez. Gora Gasteiz-eko kideak

«Gora Gasteiz-ekin sortutako sareek betiko iraungo dute»

Apirilaren 18an aniztasunaren alde kalera ateratzeko deia egin du Gora Gasteiz-ek; plataformak iragarri du hori izango duela azken ekintza, bost hilabetez hamaika ekinbideren aterkia izan ondoren.

Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azken esprintean sartuta dago Gora Gasteiz plataforma. Hamar egun barru, apirilaren 18an, hirigunea ekintzez beteko dute, aniztasuna eta begirunea aldarrikatzeko. Buru-belarri ari dira prestalanetan, 2014ko azaroan hasi zen ibilbideari amaiera jarriko dion ekitaldia antolatzeko. Hain zuzen ere, Gora Gasteizen azken jarduera izango da. Ordea, Esther Perez plataformako kideak nabarmendu du horrekin ez dela ezer bukatuko: «Aurretik lanean ari zirenek hala jarraituko dute, eta Gora Gasteiz-ekin sortutako sareek betiko iraungo dute».

Plataforma sortu eta bost hilabetera uztearen atzean zenbait arrazoi daude. Lehenik, jakinarazi dute hauteskunde kanpainan sartzeko asmorik ez dutela. «Ez dugu lehia politikoan sartzeko asmorik», azaldu du Luismi Hernando plataformako kideak.

Perezek gaineratu du agurrak bat egingo duela plataformaren helburuetako batekin: «Gasteiz solidarioa ikusarazi nahi genuen; beti egon da bertan, baina beste zerbait sinetsarazi nahi izan digute. Esparru askotako pertsonak eta elkarteak batu ditu, eta, behin erakutsi dugula zer-nolako hiria nahi dugun, bakoitzak bere lanarekin jarrai dezake».

«Beste hiri bat sinetsarazteko» lan hori aspaldi hasi zela argitu du Perezek. «Aspaldi hasi zen gasteiztarrak gasteiztarren aurka jartzeko nahi hori: meskiten auzia... eta duela bost hilabete azken pausoa eman zen, jatorri zehatzetako taldeak aipatuta». Testuinguru horretan hiri eredu eraikitzaile baten alde sortutako ekinbideak ugaritu ziren: kultura arloko eragileek sinatutako agiria, eskubide sozialen aldeko plataforma, arrazakeriaren aurkako plataforma, Maroto Tontolnabo kolektiboa... Gora Gasteiz-ek beti aipatu izandu ildo anitzetan lan egiten duten pertsona eta elkarte askoren batasuna dela, eta testuinguru horretatik sortutako lan ildoek elikatu dute hasieratik.

Hamaika mugarri

Gora Gasteiz-en ibilbidean zenbait mugarri daude. Lehena: 2014ko abenduaren 10ean, gehiegi iragarri gabe ere, ehun pertsona baino gehiago bildu ziren hiri «anitz eta justu» bat aldarrikatzeko mendi lasterketa batean: «Nire lehen harremana izan zen plataformarekin; ez genuen espero, inondik ere, izan zuen erantzuna eta oihartzuna», oroitarazi du Hernandok. Gerora inauteriak heldu ziren, baita asteotan prestatutako hitzaldi eta ekintza sorta ere: kirol txapelketak, bertso saioak...

Beste elkarte eta erakundeekin egindako lana ere balioetsi du Perezek. Alde horretatik, Arabako Foru Aldundiak abiarazitako 0 Tolerantzia kanpainaren aurkako lana oroitarazi du: «Eragile ugari bildu ginen, diru publikoarekin ordaindutako kanpaina xenofoboa eta matxista zela salatzeko: Gasteizko plataforma feminista, aldundiko langileen batzarra, LGTB mugimendua, Al-Indimay elkarte magrebtarra, arrazakeriaren aurkako plataformak eta Gora Gasteiz».

Plataformak sorreratik bertatik izan zuen jarrera irekia gogorarazi dute Gora Gasteiz-eko kideek. Hernandok balorazio ezin hobeaegin du: «Nekez irudika daiteke ezer negatiborik, pertsona bakoitzak gehitu baino ez baitu egin prozesu osoan».

Lan egiteko modu horrek plataformak jatorrian zuen ideia indartu du, Perezen ustez: «Hiri plurala eta koloreduna izan bada; ez da ezer aldatu behar, dagoena erakutsi baizik». Horretaz guztiaz hausnartuko dute apirilaren 18a igaro ostean, baita etorkizunera begirako pausoak aztertu ere. Halaber, badute lana aurreratuta: Gora Gasteiz-eko aterkipean ehundutako sarea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.