euskal presoak

Gorenak bertan behera utzi du Oihana Mardarasen zigorra, eta absolbitu egin du

Epaiaren arabera, ez dago frogatuta EITBren egoitzaren kontrako ETAren atentatuan parte hartu zuenik. 29 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Gorenak dio inkomunikazio aldian polizia etxean egindako deklarazioa ez dela nahikoa zigortzeko epaitegian berretsi ez bada.

Mardaras, Auzitegi Nazionalean epaitu zutenean. VICTOR LERENA, EFE
2015eko apirilaren 13a
16:23
Entzun 00:00:0000:00:00

ETAk 2008an egin zuen atentatua EITBren Bilboko egoitzaren aurka. Ibai Beobideri inkomunikazio aldian hartutako deklarazioa hartu zuen oinarri Auzitegi Nazionalak Mardarasi 29 urteko zigorra ezartzeko. Gorenak, ordea, ebatzi du deklarazio hori ez dela nahikoa, polizia etxean soilik esan baitzuen horrek Mardarasek atentatuan parte hartu zuela, eta epaitegian ez zuela hori berretsi.

Gorenak argudiatu du, gainera, Beobidek Poliziaren aurrean marraztu zuen zuloen mapa ez datorrela bat Mardarasen amaren etxean aurkitutako Bilbo-Basurtu planoarekin. "Onartuta ere balizko bat etortzeak egon daitezkeela, horiek ez dute nahikoa oinarri esateko helegitea jarri duena han egon zela", dio Gorenak.

"Intuizio subjektibo bat"

Barakaldon jaio zen Mardaras, 1988. urtean, eta joan den irailean jarri zion zigorra Auzitegi Nazionalak; ondoren, helegitea aurkeztu zuen horrek. Gorenaren arabera, Auzitegi Nazionalak Mardaras zigortzeko izan zuen ziurtasuna ezin da jo objektibotzat: "Intuizio subjektibo bat izan zen", zehaztu du.

Epaiketan Mardarasek berak deklaratu zuen atentatua izan zen egunean ez zegoela Bilbon, Segiko kide zelako atxilotu zezaketelako beldurrez zeharkatu zuelako muga. 2009ko ekainaren 30ean atxilotu zuten Frantzia iparraldean, Ibai Mateorekin batera, lapurtutako auto batekin istripua izan zuten.

Parisen talde armatuko kide izateagatik lau urteko espetxe zigorra jarri zioten. Zigorra beteta espainiaratu zituzten Mardaras eta Mateo.

EITBren kontrako atentatuagatik Ibai Beobide zigortu zuen aurretik Auzitegi Nazionalak. 2008ko abenduaren 31n furgoneta batek eztanda egin zuen Bilboko egoitza berriaren atarian. ETAk Bilboko suhiltzaileei ohartarazi zien aurretik bonba batek eztanda egingo zuela. Bost milioi euroren kalteak eragin zituen leherketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.