Politika

Gorenak Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente postuan uztea erabaki du

Gorenak gaur arte bi aldiz baliogabetu zuen haren izendapena. Zigor Salako lehendakaritza euskal gatazkarekin zerikusia duten auzientzat eragin handiko kargua da.

2008ko urtarrilaren 15a
15:28
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak gaur Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente postuan uztea erabaki du. Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak (CGPJ) hiru aldiz izendatu du Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente -azkeneko aldiz, iazko urtarrilean; PPk proposatutako batzordekideen botoekin beti-, eta Gorenak gaur arte bi aldiz baliogabetu zuen haren izendapena -2006ko maiatzean eta urte bereko azaroan-.

Jose Ricardo de Prada magistratuak izendapenari ezarritako helegitea gaur aztertu du Goreneko Administrazioarekiko Auzietako Salak. Hain zuzen, Juan Jose Gonzalez Rivas, Nicolas Maurandi, Pablo Lucas, José Díaz Delgado eta Enrique Cancer epaileek aztertu dute eskaera.

Bi argudiorekin aurkeztu du helegitea De Pradak: batetik, Gomez Bermudezen bigarren izendapenean De Prada hautagaiaren merituak kontuan ez zituztela hartu, CGPJko Kalifikazio Batzordeak hiru hautagairen merituak baino ez zituztelako eraman osoko bilkurara -Gomez Bermudez, Baltasar Garzon eta Alfonso Guevara-; eta, bestetik, CGPJko presidente Francisco Jose Hernandok hautaketan parte hartzea bidezkoa ez dela, bere agintaldiak bukatua beharko lukeelako. Pedro Campoy fiskalak lehenengo argudioa ontzat eman du, baina bigarrena ez.

Auzitegi Gorenak Gomez Bermudezen izendapena lehenengoz baliogabetu zuenean, CGPJk hautaketa behar beste ez zuela arrazoitu argudiatu zuen, De Pradak aurkeztutako helegitea zela eta. Eta bigarrenean, Garzonen helegitea ontzat eman zuenean, Gomez Bermudezen merituak puztu egin zituztela argudiatu zuen Gorenak.

CGPJko gehiengo kontserbadoreko 11 batzordekideen babesa baino ez du izan Gomez Bermudezek orain arteko hiru izendapenetan -2004ko uztailean, 2006ko ekainean eta 2007ko urtarrilean-.

Euskal gatazkarekin zerikusia duten auzientzat eragin handiko kargua da Zigor Salako lehendakaritza, sala horretako epaimahaiek epaitzen baitituzte auzi guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.