Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Imanol Landa Getxoko alkate ohia ordezkatuko du presidente karguan, eta haren eskutik jaso du aginte makila, kargu berean aurretik egon direnei eskerrak ematearekin batera: "Geure erreferentea zarete eta, etorkizunari begira, inspirazio iturria".
245 udalerritako ordezkariak batu dira Elgoibarren, elkartearen gobernu organoetako kide berriak hautatzeko, eta gehiengo kualifikatua eskuratu du Urtaranek, hautagaitza bateratua aurkeztu baitzuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Jose Antonio Santano eta Nagore Alkorta Irungo eta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak izango dira presidenteordeak.
Urtaranek azaldu du Eudelen "etapa berri bat" hasi dela, "egindakoa berresteko" balio behar duena. “Etapa berriari lehengo gogo berarekin ekin diogu, udalok Euskadin maila goreneko herri-erakundeak garela eta euskal sistema instituzionalean hitza eta botoa dauzkagula erakusteko asmoz".
Alkate independenteak, ordea, kexu agertu dira batzarrean. Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak salatu du ez dituztela independenteak kontuan hartu eta Euskal Autonomia Erkidegoan "mordoxka bat" direla. Kritikatu duenez, "alderdi nagusiek kozinatu" dute Batzorde Eragilea nola osatu. Horregatik, hautagaitza independenteetako ordezkari ugarik abstentziora edo ezezko botora jo dute.
1982an sortu zuten Eudel, eta harrezkero presidente izango den bigarren arabarra da Urtaran. "Gure aurretik egon direnen eskarmentu eta ibilbidearen ondarea" nabarmendu du, eta gogora ekarri "norbere udalerriaren alde udaletik lan egitea erabaki duten milaka herritarren ekarpena". Zortzigarren presidentea izango da, eta horietatik bakarra izan da emakumezkoa: Ibone Bengoetxea, 2011-2015eko legealdian Bilboko alkateorde izandakoa.
Agur mezuan, Landak azpimarratu du "lorpen garrantzitsuak" lortu dituztela azken lau urteetan: "Gogor jardun dugu, elkarlanean, eta xede izan dugu zimenduak sendotzea, zimendu horietatik jarraituko dugulako Eudelen etorkizuneko eraikina altxatzen. Gainera, erakundeak bere historia osoan izan duen Batzorde Eragile anitzenaren errealitatetik egin dugu".
Zazpi emakumek eta zortzi gizonek osatuko dute Batzorde Eragile eraberritua, eta horietatik hiru 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietakoak dira.