Itsas Salbamenduko kideek Bermeotik sei miliara gorpu bat aurkitu dute gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez. Matxitxakotik 3,5 miliara zegoen. Zierbena inguruan itsasoan ostegunean hiru lagun desagertu ziren, eta Jaurlaritzak dio haietako bat izan daitekeela gaur itsasoan aurkitutakoa. Hain zuzen, oraindik baieztatu ez badute ere, gorpuak gainean omen zituen desagertuetako baten nortasun agiriak.
Hirurak laurden gutxian topatu dute gorpua, eta Bermeora eraman dute. Ostegun arratsaldeko bost eta erdiak aldera Zierbenako portutik arrantzara atera zen Zirri zazpi metroko ontzia, bost lagunekin, eta irauli egin zen, ustez haize ufaden ondorioz. Bi kide ostiral goizean onik aurkitu zituzten: 12 urteko mutil bat eta 52 urteko gizonezko bat — J.M.B.—.
Txalupa Zierbernatik hamarren bat milia iparraldera topatu zuten, eta buelta emanda zen ontziaren gainean zeuden umea eta heldu hura, hipotermia zantzuekin. Desagertuta dauden hiruretako bi Bilbokoak dira —49 eta 51 urtekoak—-, eta bestea Erandiokoa —66 urtekoa—.
Ostegunetik bilatze lanetan ari dira Itsas Salbamendua, Gurutze Gorria, Ertzaintza eta Guardia Zibila, itsasontziekin eta helikopteroekin.