Ertzaintzak, Espainiako Itsas Salbamenduak eta Gurutze Gorriak gorpu bat atera zuten atzo eguerdian itsasotik, Ondarroa eta Lekeitio artean (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 12:45 aldera atzeman zuen gorpua patruila batek, ur azalean, Ondarroa eta Lekeitio arteko harkaitz eremu batean.
Gorpua berreskuratu ondoren, Gurutze Gorriak Ondarroako portuan dituen instalazioetara eraman zuten. Gorpuaren egoera dela eta, ezin izan zuten identifikatu, eta, beraz, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko taldea arduratuko da hura identifikatzeaz.
Joan den asteaz geroztik desagertuta dagoen 82 urteko gizonezkoa ote den ikertzen ari dira. Gizona Mendexako kostaldean ikusi zuten azken aldiz, itsasertzean lapak biltzera joan zenean. Markinako bizilaguna da, eta, etxera itzuli ez zenez, senideek larrialdi zerbitzuetara jo zuten, eta zerbitzuak bilaketa lanak abiatu zituen. Ingurua bereziki malkartsua da, eta bilaketarako zaila.