Gorrotxategik taxi batean eta minutu batez aurkeztu du Elkarrekin Podemosen programa

Bertzeak bertze, Osakidetzan pribatizatuta dauden zerbitzuak «berreskuratu» nahi dituzte, eta funts putreei etxebizitzak erostea debekatu.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 3a
16:10
Entzun

Taxian –ez Uber batean–, eta minutu batean. Horrela laburtu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak beren programa. Durango (Bizkaia) du abiapuntu, eta lehendakaritza helmuga. Autoak bidea hasi bezain laster abiatu du hautagaiak 60 segundoko lasterketa, eta Osakidetza, alokairuen prezioa eta zaintza zerbitzuak izan ditu hizpide.

Azaldu du Osakidetzan pribatizatuta dauden zerbitzuak «berreskuratu» nahi dituztela: «Hala nola proba diagnostikoak, anbulantziak, sukaldeak, garbiketa; eta zerbitzuak zabalduko ditugu, dentista, optika, fisioterapia, osasun mentala, podologoa edo logopeda». Alokairuen prezioa jaitsi nahi dutela ere erran du, eta horretarako Espainiako Etxebizitza Legea aplikatuko dutela. «Sustapen publiko guztiak alokairu sozialekoak izango dira. Funts putreei etxebizitzak erostea debekatuko dugu», gehitu du.

Hezkuntza ere hizpide izan du, erran baitu  lege bat eginen dutela «eskola publikoa sistemaren ardatza izateko». Eta honela borobildu du: «Segregazioaren aurka borrokatzeko estrategia bat zabalduko dugu, onarpen eta hezkuntza itunen dekretuak aldatuz». Energia enpresa publiko bat sortuko dutela ere erran du, «burujabetza berreskuratzeko eta oligopolioa amaitzeko». «Debekatu egingo dugu administrazioek ikuskizunak finantzatzea animalien sufrimendua dagoenean, hala nola zezenketak», gehitu du.

Azkenaldian pil-pilean egon diren bi gai ere gogora ekarri ditu: zaintza eta euskara. Zehaztu du zaintza zerbitzuak publiko eginen dituztela, soldata arrakala amaitzeko prekaritatearen kontrako plan bat eginen dutela, eta bermatuko dutela euskara ikastea doakoa izatea C1 mailara arte.

Kontagailua zerora iritsi bezain laster, onartu du beren programak bertze neurri anitz dituela, baina helburu bakarrarekin: «Euskadi ezkertiar bat egiteko programa bat, eskuina gure zerbitzu publikoak ahulduz joan den urte askoren ondoren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.