SOSLAIA. Juan Carlos Elizalde

Gotzain berria Gasteizera

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Vatikanoak gaur iragartzekoa du Gasteizko Elizbarrutiko gotzain berriaren izena: Juan Carlos Elizalde Espinal izango da (Mezkiritz, Nafarroa, 1960), Euskadi Irratiak jakinarazi duenez. Nafarroan egin du apaiz ibilbidea Elizaldek, eta gaur egun artzapezpikutzaren kuriako partaidea da: Iruñerriko eta Orreagako bikarioa da. Orreagan bertan apaiztu zen, 1987an, eta, gaur egun, hango kolegiatako arduraduna da. Gasteizko gotzaindegiko buru Miguel Asurmendiren lekua hartuko du Elizaldek.

Filosofia ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta teologia Comillas Unibertsitatean ikasi zuen, Madrilen. Hezkuntzari lotutako jarduna ere badu oraindik: Iruñeko teologia ikastegiko irakaslea da, eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere ari da, «zerbitzu erlijiosoen» arduradun gisa —besteak beste, meza ematen dute unibertsitatean, eta teologiari buruzko saioak ere badira—.

Bikario 2009an izendatu zuten Elizalde. Eraberritze sakona egin zuen Iruñeko Artzapezpikutzan Francisco Perez gotzainak. Mugimendu kontserbadoreen inguruko apaizak jarri zituen arduradun; tartean zen Elizalde. Gasteizko gotzain izendatzeko kinieletan ageri zen lehen ere; erlijio gaietan espezializatutako hedabide batzuen arabera, Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzainaren babesa edukiko luke Elizaldek Gasteizen gotzain lekua hartzeko.

Elizalderen izendapenarekin, ordezkapenak itxi ditu Eliza katolikoak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko elizbarrutietan. Joera nabarmen kontserbadoreagoko gotzainak jarri ditu arduradun. Ez dute baztertu gaur aldaketa gehiagoren berri ematea Vatikanoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.