EUSKAL PRESOAK

Graduz aldatuta, kartzelara itzuli beharko du Jon Crespok

Espainiako Auzitegi Nazionalak gibelera bota du euskal presoari lehendik ezarritako hirugarren gradua, eta bigarren gradura itzularaziko dute. Basauriko espetxean sartu beharko du berriro.

Basauriko kartzelaren irudi bat, iazkoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 10a
17:14
Entzun

Hirugarren graduan zegoen, eta bigarrenera itzuli beharko du berriro. Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak salatu izan duen gradu erregresioak izen-abizenak ditu, izan ere: kasu honetan, Jon Crespo Galdakaoko (Bizkaia) euskal presoarenak. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Crespok Basauriko (Bizkaia) espetxean sartu beharko du berriro, bigarren graduan. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu du erabakia, fiskaltzak hirugarren graduari jarritako helegite baten ondotik.

2002tik dago Crespo kartzelan, eta, Valdemoro, Topas, Murtzia eta Duesoko espetxeetan egon ondotik (Espainia), Basaurira ekarri zuten 2021eko irailean. Basauriko espetxean zegoela, hirugarren graduan ezartzeko proposatu zuen kartzelako tratamendu batzordeak, 2021eko urrian. Etxerat-ek jakinarazi duenez, ordutik kalean izan da preso galdakoztarra: «Eskatutako baldintza guztiak bete ditu, eta ez du, inola ere, sailkapena gaizki erabili».

Euskal presoen senideen elkarteak salatu du Cresporen kasuan Unai Fano euskal presoari gertatutakoaren «antzeko egoera errepikatu» dela. Fano 2021eko irailaren 28an itzularazi zuten Basauriko espetxera, bigarren gradura bueltatuta, nahiz eta zortzi hilabete lehenago espetxe horretako tratamendu batzordeak hirugarren gradura pasatu zuen.

Etxerat-ek salatu du Espainiako Auzitegi Nazionala «oztopoa» dela «euskal presoek beren eskubideak erabili eta espetxe legezkotasunaren aldeko bidea» egin ahal izan dezaten. «Autoak salbuespen handiagoa» dakar, Etxerat-en hitzetan, «duela lau hilabetetik kalean normaltasun osoz eta ezarritako baldintza guztiak errespetatuz zegoen pertsona baten birgizarteratzeko eskubidea urratzen» duelako. Elkarteak gogorarazi du lege «arrunta» aplikatuko balitzaie euskal preso «askok» etxean beharko luketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.