euskal presoak

Grande-Marlaskak AVTri esan dio ez dutela espetxe politika aldatuko

Espainiako Barne ministroak bilera bat egin du biktimen elkartearekin. Gerturatzeetarako, banan-banan aztertuko dituzte euskal presoak.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa eta AVTkoak, gaur, Madrilen. AVT
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 5a
13:50
Entzun

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak AVT biktimen elkarteari bilera batean esan dio ez dituztela aldaketak egingo espetxe politikan, AVTk ohar batean jakinarazi duenez. Elkartearen arabera, Grande-Marlaskak azaldu die euskal presoen gerturatze prozesuan haiek banan-banan aztertuko dituztela, kartzela zigorra bukatzen ari direnak hartuko dituztela aintzat lekualdatzeko, eta betiere legedia beteta emango dituztela pausoak. Espainiako Espetxe Araudiak dio presoak bere sorterritik gertuen dagoen kartzelan egon behar duela.

Ministroak duela urtebete azaldu zuen ETAren desegitearen ondoren urruntze politikak ez duela zentzurik; hala ere, gobernuak ez du politika hori aldatu, azkeneko urte eta erdian 30en bat euskal preso gerturatu dituen arren Euskal Herrira. Gaur-gaurkoz EPPK-ko 198 kide daude Espainiako Estatuan, AEM inguruko bost, eta inongo taldetan ez dagoen bat ere badago. PSOEren gobernuak Espetxeetako Erakundeen bitartez orain arte egindako hurbilketan aipatu du lekualdatutako presoek eragindako mina aitortu dutela eta espetxe legedia betetzeko konpromisoa hartu dutela. EPPK-k 2017ko adierazpen batean iragarri zuen «etxeratze prozesuan» prest dagoela legediari jarraitzeko. AVTk oharrean dakarrenez, Grande-Marlaskari esan dio presoek Justiziarekin kolaboratu behar dutela.

Euskal presoen harrerez Barne ministroak azaldu die «omenaldiak» eragozteko tresna legal eta politiko guztiak erabiliko dituztela, ETAren biktimak ez «umiliatzeko». Halako ekinbideak hartzen dituzten udalerrietako udalei isunak jartzeko aukera aztertuko dute, AVTk bere idatzian dioenez.

Bilera Madrilen egin dute, eta Barne Ministeriotik Isabel Goikoetxea estatu ordezkariordea eta Montserrat Torija Biktimen zuzendaria ere izan dira; AVT-rik, Maite Araluze presidentea, Miguel Folguera kontseilukidea eta Carmen Ladron de Guevara abokatua. Espainiako legealdi berrian bi parteek egindako lehen batzarra izan da.

Jaurlaritzaren eskaera: Euskal Herrira eta ingurura ekartzea

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetzarako idazkari nagusiak urtarrilaren erdian adierazi zuen euskal presoak Euskal Herrira eta ingurura ekartzeko eskatuko diola Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari. Jaurlaritzaren nahia da Espainiako Estatuan daudenak Hego Euskal Herriko espetxeetara —Martutene (Gipuzkoa), Basauri (Bizkaia), Zaballa (Araba) eta Iruñera— eta inguruko hirutara lekualdatzea —El Dueso (Kantabria), Logroño (Errioxa) eta Burgosera (Gaztela eta Leon)—. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.