Grande-Marlaskarekin bildu da Beltran de Heredia

Madrilen egin dute lehen bilera ofiziala Espainiako Barne ministroak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.

Beltran de Heredia, Gasteizko Zibersegurtasun Zentroaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2018ko abenduaren 17a
18:03
Entzun

Azaroaren 22an egon ziren azkenengoz elkarrekin Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa eta Estefania Beltran de Heredia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroan egon zen Grande-Marlaska, Gasteizen; besteak beste, ministroak esan zuen espetxe eskumenaren transferentzia, "gaur egun" ez dagoela "agendan". Gaurkoa izan da, ordea, bien arteko lehen bilera ofiziala, Madrilen gobernua aldatu zutenetik.

Barne Ministerioa eta Segurtasun Saila biltzen dituen Segurtasun Batzordea iazko ekainean bildu zen azkenengoz, bost urteren ondoren. Garai hartan, Juan Ignazio Zoido (PP) zen Barne ministroa, eta hainbat puntu adostu zituzten bi aldeek, Ertzaintzaren eta Espainiako Estatuko gainerako segurtasun indarren arteko "koordinazioa hobetzeko". Ertzaintza polizia integral bihurtzeko bidea nabarmendu zuen Beltran de Herediak, polizien arteko estatu-foroetara sarbidea izango duela-eta. Besteak beste, Ertzaintza ere "terrorismo jihadistaren" inguruko Espainiako batzordean egotea eta Polizia bakoitzaren "eskumenak argitzeko mekanismoak ezartzea" adostu zuten.

Adostasun horien inguruko jarraipena egin dute gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzako iturriek zabaldu dutenez. 12:00etan egin dute bilera Beltran de Herediak eta Grande-Marlaskak, Madrilen. Besteak beste, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok osatuko du Jaurlaritzaren ordezkaritza, besteak beste, Beltran de Heredia sailburuarekin batera —ostiralean, dimisioa eman zuen Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoak, Cabacas auziaren harira—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.