Arabako jantzi dendak grebara deituta daude biharko, neguko merkealdiaren lehen egunerako. ELAk, UGTk eta CCOOk asteartean egin zuten deialdia, 2009tik hitzarmena blokeatuta dagoela salatzeko. Zara, H&M, Pull&Bear, Maximo Dutti, Breshka, Oysho, Gables, Blanco eta Kirolak saltokiek jada iragarri dute bat egingo dutela deialdiarekin, eta sindikatuetako ordezkariek piketeak osatuko dituztela aurreratu dute.
Sindikatu eta patronalaren arteko adostasuna ez zen iaz posible izan, patronalak urtean hogei ordu gehiago lan egitea eskatzen zielako langileei KPIa igotzearen truke. Sindikatuek uko egin zioten eskaintzari. Orain sindikatuetako ordezkariek esan dute euren eskakizunak leuntzeko prest daudela, baina patronalak aurten egindako eskaerak euren lan baldintzak okertzen dituela diote, "dagoeneko berez prekarioak direnak", eta lanaldi murriztuaz eta mila eurotik beherako soldatak dituzten langileetaz ari direla gogorarazi dute.
Bizkaian biharko deiturik zegoen greba atzo geratu zen bertan behera, sindikatuek eta patronalak negoziatzen jarraitzeko adostasuna agertu ondoren.
Ekonomia
Greba deialdiarekin hasiko da merkealdia bihar Araban
Hainbat saltokik bat egin dute, eta sindikatuek piketeak iragarri dituzte. Merkataritzako patronalaren presidentearen saltokiaren aurrean bilkura egingo dute. Bizkaian, atzo, bertan behera utzi zuten deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu