ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuek salatu egin dute Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bultzatzen ari den elkarrizketa soziala, "iruzurra delako, ez baitu edukirik", eta mobilizatzen segituko dutela hitz eman dute. "Gobernuak dena ematen dio patronalari, elkarrizketa sozialeko mahaiaren bilera deitzen du gero, patronalak beto eskubidea du eta sindikatuen proposamenek ez dute hortik irteten".
Sindikatu haiek deitu zuten lehengo osteguneko greba orokorra, eta gaur berriro "arrakasta" izan zuela adierazi dute. Hain zuzen, Adolfo Muñoz (ELAko idazkari nagusia), Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia), Arantza Fernandez de Garaialde (EILAS), Ainhoa Iturbe (EHNE), Josu Balmaseba (ESK) eta Estitxu Ugarte (Hiru) elkarrekin agertu dira Bilbon, prentsaurrekoan.
"Grebak sindikalismo aldarrikatzailearen posizioa indartu du", Muñozen arabera, eta botere politiko eta ekonomikoek ez dutela kontrolatzen. "Orain proposatzea, sindikatuen asmoak gizarteratzea eta mobilizatzea tokatzen da".
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak gaur jakinarazi du Lopez hurrengo astean dela biltzekoa ELArekin eta LABekin, banaka. Batzar horietan izango direla agertu dute bi sindikatuok, "baina ez iruzurretan parte hartzeko".
Lehendakaria orain arte Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkartearekin eta UGT-Euskadi sindikatuarekin batzartu da.
EkoNOMIA
Greba deitu zuten sindikatuek mobilizatzen segituko dute
ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiruk diote "iruzurra" dela Patxi Lopezek bultzatutako elkarrizketa soziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu