Greba eta zaintza uztartu ezinda

Bost greba egun ezarri dituzte Bizkaiko zahar etxeetako langileek, ELAk deituta. Greban parte hartzeko, etxeko zaintza ere kudeatu beharra zailtasun bat gehiago da emakumeentzat.

Zahar etxeetako langileak, Bizkotxalde zahar etxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Basauri
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Guk argi daukagu: gu funtsezkoak gara, patronala ez. Bizkaiko erresidentzietako langileak greban, gora emakumeon borroka!». Ozen entzun zitekeen atzo Ibaizabal-Nerbioi eskualdean zahar etxeetako langileen aldarrikapena, Bizkaian. Bost eguneko greba hasi zuten atzo, ELA sindikatuak deituta. Bost auto erresidentziaz erresidentzia ibili ziren, auto karabanarekin. «Ikus dezatela zahar etxe guztietatik igaro garela: hori da helburua», azpimarratu zuen Soraya Garcia ELAko ordezkariak. Bizkaiko beste lau eskualdetan ere auto karabanak antolatu zituzten. Greban parte hartzeko, emakumeek maila pertsonalean dituzten zaintza lanak kudeatu behar dituzte.

Ibaizabal eskualdeko grebalariak Basauriko ELAren egoitzaren aurrean elkartu ziren. Bizkaiko erresidentziak borrokan! lelodun kamiseta berdea jantzita, sindikatuaren banderak autoetan banatu, leihoetan kartelak jarri, eta Basauriko Bizkotxalde zahar etxera jo zuten. Klaxona jotzeari utzi gabe, kartelak jarri zituzten sarreran, eta Berdintasun plana, Enplegu egonkortasuna eta antzeko leloak zituzten papertxoak bota zituzten. Herri bereko Alai eta Bidebieta zahar etxeetan berdin egin zuten, eta San Miguel auzora abiatu ziren gero. Egoiliarren babesa eta elkartasun keinuak jaso zituzten.

Urte eta erdi baino gehiago daramate langileek hitzarmen barik. Hamar negoziazio mahai egin dituzte, baina patronalaren «proposamen bakarra» soldata izoztea izan da. «Soldata egoitza publikoetako langileenekin parekatzea eskatzen dugu», aldarrikatu zuen Garciak. Lanaldi osoko kontratazioak egitea, langile gehiago kontratatzea eta lehen egunetik ordezkatzea exijitu zuten.

Sektore feminizatua

Basauritik Ugaora bidean, emakumeek hurrengo egunak errepasatu zituzten. «Ni ezin izango naiz 07:00etan joan, haurrak eskolara eraman behar ditut eta», esan zuen grebalari batek. Sektore feminizatua da zahar etxeetako langileena. Greba egunetan, etxeko zaintza lanekin uztartu behar dituzte protesta ekintzak. «Metalaren sektoreak 06:00etan piketeak antolatzen dituenean, gizonek ez dituzte halako buruhausteak izaten», salatu zuen Garciak. Izan ere, zaintza ez ezik, zaintzaren antolaketa ere emakumeen gain geratzen da, autoan zihoazenek berretsi zutenez: «Hori karga mental bat da, guk pentsatu behar dugu dena nola antolatu».

Ugaoko zahar etxea pegatinaz, kartelez eta zarataz bete zuten, eta alboko herrira mugitu ziren gero, Arrigorriagara. Aurreko greba gogoratu zuten bidean. «2017an, 5.000 langile baino gehiagoren lan baldintza hobetzea lortu genuen, 368 eguneko grebaren ostean», azaldu zuen Garciak. Greba hartan, patronalaren erantzunak azalarazi zituzten, besteak beste, «zuen hobekuntzak nire potroetatik irtengo dira» bezalako esaldiak entzun behar izan zituzten. «Hori da sektore feminizatua delako; gizon bati hori ez zioten esango».

Arrigorriagan zerbitzu minimoetako langileak leihoetara atera ziren, grebalariekin batera, zarata egitera. Galdakaon, Plazakoetxe erresidentziako egoiliarrak izan ziren leihoetatik grebalariak agurtu zituztenak.

Galdakotik Usansolora, eta Usansolotik Bediara. Tartean, Garciak gogoratu zuen azken urteetan patronalek 255 milioi euro publiko jaso dituztela, «baina enpresarentzat onurak baino ez direla izango». Eta langileek %16,5eko galera metatu dute erosteko ahalmenean. «Galletak 50 zentimo baino gehiago garestitu dira supermerkatuan!», adierazi zuen gidatzen zuenak. «Zer gertatzen da hemen? Galdera hori egiten diot neure buruari supermerkatuko prezioak ikustean», gehitu zuen gidariaren alboan banderari eusten zion emakumeak. Bitartean, klaxonaren zaratak errepidea bete zuen.

Azken geralekua Galdakaoko Zuhatzu auzoa izan zen. Kale oso bat zahar etxez beteta dago. Eskualdeko egoitzetan ikusgarritasuna bermatuta, lehen greba eguna amaitutzat eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.