Bukatu da Frantziako Legebiltzarrerako aurkezteko epea. Zerrenda hetsia da, eta, duela bost urte bezala, aldi honetan ere dozena bat baino gehiago dira hauteskunde barruti bakoitzean aurkeztuko. Izan eskuinean, izan ezkerrean, zentroan, ekologisten edota abertzaleen aldean, eremu bakoitzean bizpahiru hautu izanen dituzte boz-emaileek. Azken aldian, seigarren barrutian Michele Alliot-Marie (UMP) zen nagusitu, bosgarrenean Jean Grenet (Parti Radical Valoisien, UMP), eta laugarrenean Jean Lassalle (zentrista). Berriz aurkeztu dira, baina, azken bozei begiratuz gero, ez da errana aldi honetan ere eskuina garaituko denik. Izan presidentetzarako bozetan, izan senatuko edota kantonamenduetako bozetan, Alderdi Sozialista nagusitu da azken aldietan. Grenetek argi du hauteskunde «oso gogorrak» izanen direla.
Abertzaleei dagokienez, hiru zerrendaren artean banatuko dira botoak: AB, Batasuna eta independenteek osatu EH Bai ezkerreko abertzaleen koalizioa, EAk ekologistekin osaturiko Amalur aliantza eta EAJ. Duela bost urte ezkerrekohiru alderdi abertzaleak elkarrekin aurkeztu ziren EH Bai koalizioaren baitan, eta guztira 10.676 boz lortu zituzten. EAJ, haatik, ez zen aurkeztu eta UDF-Modemeko hautagai zentristen alde bozkatzera deitu zuen.
Nahiz azken asteetan esku-orri banaketek eta hautagaien adierazpen publikoek hauteskunde giroa sentiarazi, atzo hasi zen ofizialki kanpaina. Iragan berri den presidentzialetarako bozketen kanpainan luzatu mezu bera zabaltzen ariko dira hautagaiak. Ezkerra eta eskuinaren arteko lehia gogor senti da jada, bakoitzak duela gehiengoa lortzea «beharrezkotzat» jotzen. Alderdi Sozialistak nagusi atera nahi du, François Hollande presidente berriak hitz eman neurriak pasarazteko gisan, eta UMPk ere gehiengoa lortu nahi du «kontra-boterea egin ahal izateko». Guztiek diote tokiko gaiak Parisera eramateko ardura duela diputatuak. «Hemengoa han, Parisen, entzunarazteko ardura du diputatuak», Ezkerreko Fronteko Yvette Debarbieux hautagaiak dioenez. Hori dela-eta, tokiko gaiek ere ukanen dute garrantzia kanpainean zehar. Besteak beste,Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren eskaerak. Hautagai abertzaleek dute eskaera hori ozen eramaten.
Ezagupen instituzionala
EH Baik bozgoragailua harturik dauka sinbolotzat «Ipar Euskal Herriaren onerako diren aldarrikapenak Parisi entzunarazteko». Aldarrikapen horien lehen lerroan kokatzen dute Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala. Europe Ecologie Berdeen eta EAren artean osatu Amalur koalizioak edota EAJk ere lehentasunetan kokatzen dute helburu hori. «Elkargo horren eragina eta inpaktua frogatuko dugu kanpainean zehar», seigarren barrutian aurkezten den Jean Telletxea EAJko hautagaiaren hitzetan.
Beste alderdiei dagokienez, hautagai batzuk pertsonalki alde kokatzen badira, alderdiek ez dute ezer argiturik. Adibidez, Ezkerreko Fronteak ez du finkatua bere jarrera, baina seigarren barrutian aurkezten den Yvette Debarbieuxek dio «abertzaleen gogoeta entzun behar dela» eta horri begira «adostasun orokor» bat lortu behar dela. Berdin berdin, nahiz Alderdi Sozialista ez alde kokatu,seigarren barrutian aurkezten den Sylviane Alaux euskal lurralde elkargoaren alde kokatzen da.Seigarren barrutian aurkezten den Michele Alliot-Marieren gisa, UMPren baitan aurkari determinatuak badira. Hala ere, lerroak pixka bat mugitzen ari direla sendi da. Azkenik, bosgarren barrutian aurkezten den Jean Grenet Baionako auzapeza eta diputatua euskal departamenduaren alde mintzatu da, segurtatuz «oztopo bat ez dela izanen Hautetsien Kontseiluak eraman gogoetaren barnean den lurralde elkargoaren proposamenari begira».
Bake prozesuak ere bere tokia dauka kanpainan zehar. Honi begira,abertzaleez osaturiko taldeek dute soilik lehentasunetan kokatzen, beste alderdietako hautagaiak modu pertsonalean direla mintzo.Gai lokalagoak ere daude. Adibidez, seigarren barrutian toki anitz hartzen du AHTaren egitasmoak.
Bi itzulitan erabakiko da
Bi itzulitan egiten dira Legebiltzarrerako bozketak. Inskribituen botoen %12,5 lortu dituztenak dira bigarren itzulian kausitzen. Inork ez badu hein hori gainditzen, boz gehien bildu duten bi hautagaiak dira bigarren itzulian. Lehen itzulian berean gehiengo absolutua eta inskribituen bozen %25 lortuz gero, zuzenki izendatua da diputatu.Lehen itzulia ekainaren 10ean eginen da, eta bigarrena ondoko igandean, ekainaren 17an.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, barrutika egin banaketak ez dauka zerikusirik herrialde historikoekin. Laugarren barrutiak adibidez, Lapurdiko herri batzuk, Nafarroa Behereko gehienak, Zuberoako guztiak eta Biarnoko zati handi bat hartzen ditu bere barnean. Charles Pasquak, Frantziako Barne ministro zelarik, hauteskunde barrutiak berrantolatu zituen, 1986. urtean, eskuinari hobekien zetorkion banaketa eginez.
Grenet, Lassalle eta Alliot-Marie diputatuen aulkiak, koloka
Nahiz eskuinaren eta zentroaren arteko blokea nagusitu Ipar Euskal Herrian, garaile ateratzeko «esperantza» dute sozialistekAbertzaleei dagokienez, EH Bai, Amalur eta EAJren artean banatuko dira botoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu