Gripearen aurkako txertoa jartzeko zentro bat irekiko dute ortziralean Bilbon

14 urtetik goitiko bizkaitarrentzat izanen da eskaintza, eta ez da aitzinetik hitzordurik hartu beharko. Asteko egun guztietan egonen da gunea irekita.

Osasun langile bat txerto bat jartzen, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Osasun langile bat txerto bat jartzen, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 22a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ortziraletik aitzinera, 14 urtetik goitiko bizkaitar guztiek gripearen aurkako txertoa jartzeko aukera izanen dute, horretarako espresuki sortu duten gune batean. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak txertaketa zentro bat irekiko dute Bilboko La Casilla pabiloian, eta, gaur jakinarazi dutenez, ez da aitzinetik hitzordurik eskatu beharko txertoa hartu ahal izateko. Zehaztu dutenez, herritarrak «ahalik azkarren immunizatzea» da helburua, aurreikusten baitute ohi baino lehenago igoko dela gaixotasun horren intzidentzia. Hala aztertu du, behintzat, Osasun Saileko zaintza epidemiologikoko zerbitzuak. 

Joan den urteko datuekin alderatuta, kutsadurak ugaritu egin dira Bizkaian, eta horrexegatik erabaki dute txertaketa zabaltzea, zehaztu dutenez. Eta ez hori bakarrik, gune horretan bertan koronabirusaren aurkako txertoa jarriko diete 75 urtetik goitiko pertsonei, baldin eta hala eskatuko balute. Asteko egun guztietan egonen da zerbitzua erabilgarri, 08:00etan hasi eta 20:00etara bitarte. Osakidetzako 27 langile arituko dira lanean, eta nabarmendu dute «Bizkaiko biztanle guztientzat» izanen dela eskaintza. 

Halaber, bai Osasun Sailak eta bai Osakidetzak gogora ekarri dute txertoa dela «gaixotasunak prebenitzeko baliabiderik onena», eta, gainera, «osasun konplikazioak saihestu» ditzakeela. Hortaz, «lehenbailehen» txerta daitezen gomendatu diete herritarrei. 

Urriaren 6an jarri zuten martxan txertaketa kanpaina ospitaleetan, eta bi astean 506 gripe kasu diagnostikatu dituzte; 166 ziren joan den urteko garai berean. Era berean, jakinarazi dute geroz eta jende gehiago joaten dela erietxeetara txerto eske. «Beraz, badirudi kasuen kurba epidemiologikoa aurreratu egingo dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.