Ikerketa zabalago baten barruan, Polizia Judizialak guardia zibil bat atxilotu zuen igandean Bilboko portuan. Lanean ari zen, eta auto ofizialean 120 kilo kokaina zeuzkan gordeta.
EFE albiste agentziaren informazioaren arabera, guardia zibilak bi hamarkada zeramatzan portuko aduanan lanean, zerga eta mugazaintza arloan, merkantzien garraioa zaintzen. Epaileak espetxeratu egin du, behin-behinean.
Asteak ziren guardia zibilari telefonoa kontrolatua ziotela, eta jarraitu ere egin zioten lanetik kanpo zebilenean. Atxiloketa agindu duen epaileak ez du amaitutzat eman ikerketa, eta baliteke atxiloketa gehiago izatea. Halaber, ikertzen ari dira atxilotua non eta zertan ibili izan den bere ibilbide profesionalean.
Guardia zibila atxilotu zuen egun berean, Polizia Judizialak haren etxea miatu zuen, Castron (Kantabria).