Guardia Zibila Elorrio (Bizkaia) aldean dabil gaur, Portugalgo polizia operazioarekin lotura duelakoan lagun bat atxilotu nahian. Luis Mari Zengotitabengoa Fernandez da atzeman nahi duten gizonezkoa, polizia iturrien arabera. Oraingoz, bi etxe miatu dituzte. Larunbatean Guardia Zibilak Bermillo de Sayagon (Zamora, Espainia) atzemandako furgonetaren alokairuarekin luke zerikusia Zengotitabengoak, polizia iturrien arabera.
Garikoitz Garcia Arrieta eta Iratxe Yañez Ortiz de Barron ustezko etakideak atxilotu zituzten orduan, Portugalera iritsi berri zirela. Portugalen atxilotuta segitzen dute, eta Lisboako epaileak aurki erabakiko du biak Espainiaratu edo ez. Arratsaldean hartu ditu. Poliziak jakinarazi duenez, Garcia eta Yañezi Portugalgo autoritateari desobedentzia egitea, ibilgailua lapurtzea eta armak izatea leporatu diete.
Jose Galamba defentsa abokatuak azaldu du helburua Yañez eta Garcia ez Espainiaratzea dela, baina itxaropen txikia dituela hori gertatzeko, "presio politiko handiko" gaia delako. Iturri judizialek adierazi dute Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Yañez eta Garciaren aurkako euroagindua abian jarri zuela atzo, hilabete barru bi atxilotuak Espainiako Justiziaren esku egoteko asmoarekin.
Guardia Zibilak atzo goizean jakinarazi zuen larunbat gauean furgoneta bat geratu zuela kontrolean Bermillo de Sayagon, eta ibilgailuko gidariak ihes egin zuela -Garciak-. Ondoren ikusi zuten furgonetan lehergaiak zeudela, polizia iturrien arabera.
Garcia Portugalen atxilotu zuen gero bertako Poliziak -Portugalgo mugatik gertu dago Bermillo de Sayago-. Yañez furgonetaren aurretik autoan zihoala jakinarazi zuten, eta hark ere Portugalera pasatzea lortu zuela.
Espainiko Gobernuko Barne Ministerioaren arabera, Frantziako matrikula zeukan furgonetak, ustezko etakideek Portugalera zeramaten eta ez zegoen "berehala" lehertzeko prestatuta. Portugalko Barne ministroak bere aldetik, ez du uste ETAk herrialdean egitura egonkorrik duenik.
Operazioarekin lotuta, atzo Gasteizen eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) etxe bana miatu zuen Guardia Zibilak.
Iñaki Iribarren eta Eider Uruburu Poliziaren esku Frantzian
Iñaki Iribarren Galbete eta Eider Uruburu Zabaleta Frantziako Poliziak larunbat arratsaldean atzeman zituen ustezko etakideek Parisera bidean dira -gauean iritsiko dira- eta hango epailearen aurrera noiz eramango zain daude. Clermont-Ferranden atxilotu zituzten, Frantzia erdialdean. Biak zulo batera zihoazen, polizia iturriek diotenez, eta armak zeuzkaten soinean.
Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean egin zuen operazioa. Honen arabera, duela zenbait egun zuloa aurkitu zuen eta etakide batzuk bertara noiz joango zegoen. Ezkutalekuan lehergaiak zeudela dio.
Uruburuk 2005eko uztailean urtebeteko kartzela zigorra jaso zuen, "terrorismoa goratu" zuelako Arkaitz Otazua etakidearen heriotza salatzeko elkarretaratzean -Ertzaintzarekin izandako tiroketan hil zen Otazua, Herreran (Araba)-.
Peio Olanok inkomunikatuta segitzen du
Peio Olano inkomunikatuta dauka oraindik ere Guardia Zibilak. Ostiral goizean atxilotu zuen Lizartzan (Gipuzkoa), ETArekin lotura duelakoan Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa; erakunde armatuaren lehergaiak garraiatzea leporatzen dio.
atxiloketak
Guardia Zibila Elorrio aldean lagun bat atxilotu nahian dabil, Portugalgo operazioarekin lotuta
Luis Mari Zengotitabengoa Fernandezen bila ari dira, polizia iturriak diotenez. Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak Garikoitz Garcia eta Iratxe Yañez Portugalen atxilotutako ustezko etakideak Espainiaratzeko eskatu du. Iñaki Iribarren eta Eider Uruburu, berriz, Pariserako bidean dira -gauean iritsiko dira-, eta epailearen aurrera noiz eramango daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu