Atxiloketak

Guardia Zibilak atxilotutako Igor Portu Donostia Ospitaleko arta intentsiboko gunean ingresatu dute

Hautsitako saihets batek birika zulatu dio. Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak atzo atxilotu zituen Guardia Zibilak Arrasaten (Gipuzkoa), ETAko kide izatea egotzita. Bien etxeak miatu dituzte bart, biak bertan zirela. Donostiako Guardia Epaitegiak ikerketa judiziala hasi du.

2008ko urtarrilaren 7a
18:15
Entzun
Igor Portu Guardia Zibilak atzo atxilotu zituen bi gazte lesakarretako bat Donostiako Ospitaleko arta intentsiboen gunean ingresatu dute, biriketan arazo larriak dituela-eta. Askatasunak parte medikua eskuratu ahal izan du eta, horren arabera, hautsitako saihets batek birika zulatu dio. Bi saihets ditu hautsita. Gorputz osoan kolpeak dauzka Portuk eta ezkerreko begian odol isuria izan du.

Bi astez beharko du mediku zainketa. Goizeko hamarrak ingurutik Donostiako Ospitalean da Porturen familia.

Askatasunak jakinarazi duenez, Donostiako Epaitegiko mediku forentseak azterketa egin du aurrena, eta txosten horretan oinarritu dira Portu ospitalera eramateko. Erietxean beste txosten mediku bat osatu dute. Donostiako Epaitegiko medikuaren txostena jaso eta, bertan esaten dena oinarri hartuta, automatikoki ikerketa judiziala hasi du Donostiako Guardia Epaitegiak.

Igor Portu eta Mattin Sarasola atzo eguerdian atxilotu zituzten Arrasaten, polizia iturrien arabera, Guardia Zibilaren kontrol batean. ETAko kide izatea egozten diete, ata atxilotu zituztenean pistola bana zeramatela dio poliziak.

Bart gauean Porturen eta Sarasolaren etxeak miatu ditu Guardia Zibilak Lesaka (Nafarroa) jaioterrian; Porturena berarena eta haren gurasoena, eta Sarasolaren gurasoena. Polizia iturriek agertu dutenez, atxilotu biak bertan zirela egin dituzte miaketak. Lesakako bizilagunek ere horixe esan dute, biak han zirela. "Nekatuta, baina ondo zeuden", adierazi dute herritarrek.



Lesakako bizilagunek azaldutakoaren arabera, atzo gaueko hamaikak aldera hasi ziren etxeak miatzen, eta Guardia Zibilaren patrol asko sartu ziren herrian. Atxilotuei babesa adierazteko, hainbat herritar bildu ziren miatzen ari ziren etxeen aurrean. Udalak, berriz, gaur 19:00etan ezohiko batzarra egingo du.

Polizia iturriek abenduaren 6an Berrizen (Bizkaia) atxilotu zuten Gorka Lupiañezekin lotu dituzte bi gazte lesakarrak. Lupiañez ere kontrol batean atzeman zutela zabaldu zuen Guardia Zibilak, baina inkomunikazioa kendu eta abokatuarekin hitzegiteko aukera izan zuenean, gezurtatu egin zuen Lupiañezek: bera atxilotzera joan zirela esan zuen. Halaber, tortura gogorrak salatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.