Guardia Zibilak bi lagun atxilotu ditu Nafarroan adingabe bat salerostea leporatuta

Adingabearen gurasoak dira atxilotutakoak. Alaba beste familia bati saltzea eta haien semearekin ezkontzera behartzea leporatu diete. Beste hiru lagun atzeman dituzte Lleidan (Herrialde Katalana).

Adingabe bati egindako sexu eraso bat gaitzesteko elkarretaratze bat, Getxon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Adingabe bati egindako sexu eraso bat gaitzesteko elkarretaratze bat, Getxon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
edurne begiristain
2025eko azaroaren 8a
11:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guardia Zibilak 14 urteko neska baten gurasoak atxilotu ditu Nafarroan, alaba beste familia bati saltzea eta haien semearekin ezkontzera behartzea leporatuta. Polizia operazioaren barruan, Mossos d'Esquadrak beste bi gizon eta emakume bat atzeman ditu Lleidan (Herrialde Katalanak), adingabearen erosketan parte hartzeagatik. Ezkontza behartua helburu duen giza salerosketako delitua egotzi diete guztiei. 

Poliziaren ikerketaren arabera, gertakariak urtarrilean izan ziren, Nafarroako Erriberako herri batean. Adingabearen gurasoek— gizon batek eta emakume batek— beren alaba saldu zioten Lleidako familia bati, haien semearekin ezkon zedin. Trukean, neskatoaren gurasoek 5.000 euro, bost whiski botila eta oinarrizko elikagai batzuk jaso zituzten, Poliziaren arabera.

Iturri horiek jakinarazi dutenez, gurasoek Kataluniara eraman zuten alaba, eta hango familiarekin utzi. Poliziak azaldu duenez, adingabea eskolatu gabe zegoen, eta limosna eskatzera behartzen zuten. Lleidako gizarte zerbitzuek aurkeztutako salaketa bati esker abiatu zuen ikerketa Guardia Zibilak; horri esker identifikatu zituzten ustez inplikatutakoak, eta biktima topatzea lortu zuten. Urrian aurkitu zuten adingabea, Les Borges Blanques herrian, eta babes zentro batera eraman zuten. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.