Guardia Zibilak Arantza Zulueta, Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi, Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi eta Joxe Domingo Aizpurua atxilotu ditu gaur, Efe berri agentziak operazioko iturriak aipatuz 16:30ak aldera jakinarazi duenez. ETArekin harremana dutela egotzita atzeman ditu, Bilbon, Hernanin, Sopelan, Gernika-Lumon, Azpeitian, Donostian eta Usurbilen.
Zulueta, Sarriegi eta Enparantza abokatuak dira. Presoen eta atxilotuen gaiez aritzen dira, batik bat. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio Guardia Zibila Zuluetaren Bilboko bulegoa eta beste bien Hernaniko abokatu bulegoa miatzen ari dela.
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa egitea. ETAren mezulari izatea, etakideen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta erakunde armatuaren iraultza zerga-ren ordainketetan parte hartzea egozten die. Auzitegiko iturrien arabera, epaileak Iñaki Lopez Peña ETAko ustezko buruzagiari 2008ko maiatzean atzemandako dokumentuak erabili ditu oinarri gisa.
Gauza bera egotzita atxilotu zuten iazko urrian Joseba Agudo abokatua Hendaian, aurretik Oiartzunen atzeman saiatu ondotik. Kartzelan sartu zuten, eta duela aste batzuk Espainiaratu eta espetxeratu zuten.
Zulueta, Zuriarrain eta Landa Bilbon atzeman dituzte, Sarriegi eta Enparantza Hernanin, Agirre Sopelan -ikastetxe batean, 13:00etan, klasea ematen ari zela-, Gallastegi Gernikan -LABen egoitzan, 12:30ean-, Etxabe Azpeitian -bazkaltzera zihoala; donostiarra da-, Jauregi Donostian eta Aizpurua Usurbilen.
Inkomunikatuta dauzkate denak.
atxiloketak
Guardia Zibilak hiru abokatu eta beste zazpi lagun atxilotu ditu, ETArekin harremana dutelakoan
Arantza Zulueta, Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi, Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi eta Joxe Domingo Aizpurua atzeman ditu, Bilbon, Hernanin, Sopelan, Gernikan, Azpeitian, Donostian eta Usurbilen, Grande Marlaska epaileak aginduta. ETAren mezulari izatea, etakideen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta erakunde armatuaren 'iraultza zerga'-ren ordainketetan parte hartzea leporatzen die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu