Guardia Zibilak hiru pertsona ikertzen dihardu Estellerrian (Nafarroa), zerikusia dutelakoan giza kontsumorako uraren kutsadurarekin. Iazko otsailean hasi zuen ikerketa Sepronak, eta egiaztatu zuen Estellerriko herri bat urez hornitzen duen akuiferoa kutsatuta zegoela.
Uraren analisien, azterketa teknikoen, peritu txostenen eta dokumentuen arabera, udalerri horretako abeltzaintza ustiategi batetik zetorren kutsadura. Ikerketaren arabera, abeltzaintzako gorozkien «kudeaketa irregularra, errepikatua eta gehiegizkoa» egitearen ondorioz nitratoz kutsatu zituzten giza kontsumorako ura eta azaleko urak, eta horrek arriskuan jarri zituen ingurumena eta herritarren osasuna.
Ikerketaren bidez hutsegite larriak identifikatu dituzte simaurra kudeatzeko plana betetzeari dagokionez. Lursail horietako batean, legez baimendutakoak baino nitrato kantitate handiagoa atzeman zuten, Guardia Zibilak prentsa ohar batean jakinarazi duenez. Espainiako Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutuan aztertu dituzte ur laginak, eta erakunde horrek berretsi du hornikuntza ura eta nekazaritzarako lurzorua nitratoz eta bakterioz kutsatuta dagoela. Lizarrako (Nafarroa) Lehen Instrukzio Epaitegiaren esku utzi dute auzia.