Hogei minutu iraun du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketaren gaurko auzi saioak. Zehazki, Fiskaltzak lekuko gisa deitutako lau guardia zibilek deklaratu dute; Askatasunak agertu duenez, atzoko auzi saioan torturak salatu zituzten Susana Atxaerandio eta Ibon Aranalderen atxiloketen instrukzioan parte hartu zuten guardia zibil horiek.
Askatasunak zein Amnistiaren Aldeko Batzordeak egituratutako mugimenduak zirela adierazi dute guardia zibil horiek, zehatzago, herri mailako egitura, eskualdekoa eta nazionala zutela. Halaber, dirua txosnetatik eta txartel salmentatik ateratzen zutela.
Deklarazio horien bidez, AAMren kontrako epaiketa "zenbaterainokoa zirkua" den argi geratu da berriro, Askatasunaren ustez. "Nork ez daki Euskal Herrian errepresioaren ondorioei aurre egiteko dirua herritarren elkartasunetik ateratzen duela Amnistiaren Aldeko Mugimenduak? Hainbeste jende mugitzen duen zein erakundek ez dauka egitura bat?", galdetu du.
Halaber, epaiketa politikoa dela eta defentsa juridikoa egitekoa ezinezkoa dela azpimarratu du berriro Askatasunak.
Politika