Guardiako alkateak ustez zenbait dokumentu faltsutu dituela salatu du EH Bilduk Arabako Fiskaltzan

Txosten bat igorri dio fiskaltzari, ustezko irregulartasunak erakusteko. Koalizioak salatu du alkatea Arabako Errioxako Landa Garapenerako Elkartearen bileretara joaten zela udal ordezkari gisa, nahiz eta horretarako izendatua ez egon.

Raul Garcia Guardiako alkatea, 2023ko hauteskundeetan aginte makila eskuratu zuenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Raul Garcia Guardiako alkatea, 2023ko hauteskundeetan, aginte makila eskuratu zuenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2025eko abenduaren 5a
15:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Raul Garcia Guardiako (Araba) alkateak ustez egindako irregulartasun batzuen berri eman dio EH Bilduk Arabako Fiskaltzari. Zehazki, koalizioak dio alkatea Arabako Errioxako Landa Garapenerako Elkartearen bileretara joan izan dela udal ordezkari gisa, nahiz eta horretarako izendatua ez egon; hori dela eta, dokumentuak faltsutzea egotzi dio. Angel Coca EH Bilduk Guardian duen ordezkariaren ustez, baliteke alkatearen hainbat jarduera legez kontrakoak izatea eta, beraz, delitu gisa tipifikatzea.

EH Bilduk fiskaltzaren esku utzi duen dokumentazioak jasotzen duenez, 2024ko abenduan Guardiako osoko bilkurak erabaki zuen Arabako Errioxako Landa Garapenerako Elkartera batzea, baina ez zuen zehaztu nor arituko zen ordezkari. Alabaina, maiatzetik aurrera, alkatea zuzendaritza batzorde horretan parte hartzen hasi zen udalaren ordezkari gisa. Elkarteko zerbitzu teknikoek ustezko irregulartasun horren berri eman ondotik, alkateak ziurtagiri bat aurkeztu zuen, non esaten zen bera dela ordezkaria.

Haatik, EH Bilduk salatu du ziurtagiri hori ez duela udaleko idazkari kontu-hartzaileak sinatu, haren aldi baterako ordezkoak baizik. «Itxura guztien arabera, alkateak itxaron egin zuen gure idazkariak oporrak hartu arte, haren ordezkoari ziurtagiri hori egiteko eskatzeko», adierazi du EH Bilduko zinegotziak. Haren ustez, alkateak osoko bilkurari dagokion eskumen bat bereganatu du, eta gertaerak «faltsutu» ditu dokumentu publiko batean.

Kontratu bat ere bai

Horrez gain, EH Bilduk udalak egindako ustezko iruzurrezko kontratazio baten berri ere eman du udako hilabeteetan turismo bulegoa indartzeko zerbitzuarekin lotuta. Orduan ere, idazkari kontu-hartzailea oporretan zegoen garaian egin zen kontratua, jakinik idazkariak aldez aurretik ohartarazi zuela ezin zela kontratazioa horrela egin.

EH Bilduren ustez, erakunde publikoen kontratazioari buruzko hainbat lege eta araudi urratu dituzte, bai lan kontratuko langileenak, bai kanpoko zerbitzuenak. Horren berri ere eman dio EH Bilduk Arabako Fiskaltzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.