Ordenagailu txiki bat atera du poltsatik, eta ia automatikoki dokumentu baten bila hasi da. «Hemen da, hemen da». 5.200 izeneko zerrenda bat erakutsi du, eta behatzarekin seinalatu du nola ageri den dagokion informazioa izen bakoitzaren ondoan. Izen batzuen ondoan ez dago zehaztapenik, hutsik dago taula, ezin izan baitituzte denen arrastoak segitu. «1937ko otsailean Asturiasko frontera joandako euskal tropetako kideak dira denak», esplikatu du Arantzazu Rojo Gomezek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1970).
Faxismoari aurre egiteko 1937an Asturiasen (Espainia) borrokatu ziren gudariei buruzko ikerketa bat ondu du Rojok, eta, izenak berreskuratzeaz gain, espedizioaren egunez eguneko kronologia egitea lortu du. Baina ez da bakarrik aritu lanean: Gipuzkoako Foru Aldundia, Zumardikoak elkartea eta Sabino Arana fundazioa izan ditu ondoan. Rojoren antzera, hondarribiarra zen Kandido Saseta, eta aurten bete dira 89 urte Asturiasko frontean hil zenetik. «Hortxe genuen, beraz, ikerketa abiatzeko aitzakia». 36ko gerraren gaineko kontu eta datu anitz ikertu zitezkeen, eta, nonbaitetik mugatze aldera, bi helburu jarri zizkioten proiektuari: «Hildako borrokalariak identifikatzea, eta zendutakoen familiak aurkitzeko bidea zabaltzea».
Euskal tropetan 5.200 borrokalari identifikatu zituzten, baina guztiak ez ziren toki berera ailegatu. 963 «baja ofizial» egon ziren bidean: 125 pertsona hilik, 817 zaurituta edo erituta, eta 21 lagun desagertuta. «Eta bigarren brigadan, 91 hildako eta 410 zauritu zenbatu ditugu», zehaztu du Rojok.

1937ko urtarrilean etorri zen lehen abisua: Espainiako Estatuak Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatu zion Oviedo (Asturias) konkistatzeko. Alegia, tropa bat bidal zezatela Asturiasera, beharrezko armekin eta baliabideekin hornituta. Jose Antonio Agirre zen orduan Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta, Rojoren irudiko, «erabat presionatua» zegoen Asturiasera tropa bat bidaltzera. Horiek horrela, boluntario eske abiatu zen Agirre, eta bi brigada osatu zituen. «Guk bigarren brigada horretan jarri genuen arreta, eta huraxe ikertu dugu. Izan ere, Saseta izan zen taldeko gidaria, eta hurbil geneuzkan haren ingurukoak, informazioa eman ziezaguten». Hiru batailoi egon ziren brigada hartan: Amaiur, Eusko Indarra eta Indalecio Prieto.
Bi pausotan banatu zuten lana, Rojok esplikatu duenez. Lehena, bigarren brigada osoa berreraikitzeko beharrezko informazioa bilatzea zen. «1937ko otsailaren 11tik 14ra bitartean Bilbotik Asturiasera joandako unitate guztiak identifikatu genituen, infanteria eta laguntzaileak barne». Eta bigarrena, informazio horrekin datu base bat osatzea. «Ezagutu behar genuen bakoitzak zer unitate, maila, enplegu eta espezialitate zuen, eta datu horiek, gainera, ahalik eta gehien laburtu behar genituen». Finean, azken datu batera ailegatu nahi zuten: zenbat kide gelditu ziren gudu zelaian, eta zein ziren hildakoak edo desagertutakoak.

Eta lan horiek denak «zerotik» hasita egin dituzte, nahiz eta bazekiten «nekezagoa eta luzeagoa» izanen zela jarduna. «Jatorrizko dokumentuetan oinarritu gara, horietan bakarrik», erran du Rojok. Alegia, ez dute libururik, artikulurik edo txostenik gainbegiratu. «Horrek bermatzen zigun ongi egingo genuela gure lana, hau da, ez genuela aurreko ikerketetan edo lanetan egindako akatsik errepikatuko».
Baina izan dute oztoporik bidean, eta ongi oroitzen du ikerlariak hori. Zehazki erranda, otsaileko bigarren hamabostaldian infanteriak ez zituen nominak «ehuneko ehunean» bete, eta, hargatik, hutsune anitz hasi ziren agertzen ikerlarien paperetan. «Gauza bat bururatu zitzaigun: agertzen ziren izenak apuntatzea eta hurrengo hamabostaldietara joatea. Eta horrela detektatu genituen okerreko bajak; izan ere, aurrekoetan agertzen ez ziren izen asko berriro agertu ziren aurrerago. Ez zeuden hilda».
Gerra baten gidoia
Emozioak gain hartuta kontatu du, halaber, aurreikusten ez zuten zerbait topatu dutela bidean: «Sorpresa bat izan zen; pelikula batean geundela ematen zuen». Irrati bidez izandako elkarrizketak lortu dituzte, eta horrek «beste dimentsio bat» eman dio ikerketari. Rojo: «Gidoi bat izatea bezala da. Egunez egun eta une batzuetan minutuz minutu izandako elkarrizketak lortu ditugu, eta horrek erabat erreal bihurtzen du kontakizuna. Irakurri dugu nola hitz egiten zuten alde batetik bestera, nola kontatzen zuten pasabidea blokeatuta zegoela, zer agindu ematen zituzten, edo nola ahalegindu ziren erreka gurutzatzen».
Historiazalea izan da betidanik Rojo, eta horregatik ez ezik, «beharrezkoa delako» ere erabaki zuen proiektuarekin hastea. Gerraondoan «beldurra» nagusitu zen Euskal Herrian, eta «inortxo ere» ez zen ausartzen hari buruz solastatzera. «Are gutxiago galdetzera. Belaunaldi baten aldean informazio pila bat galdu da, eta ez da posible geronek ere ez jakitea gure arbasoek edo haien ingurukoek zer bizi izan zuten. Hau ere bada gure historia».
Rojok ez daki ikerketak balioko ote duen desagertutako gorpuak aurkitzeko, horretarako «diru eta denbora asko» behar delako, baina kontent dago egindako lanarekin. Are, halako ikerketak sustatzeko beharra dagoela nabarmendu du, eta gehitu «sentsibilitatez eta grinez» egin beharreko lanak direla.