Guraso bakarrei 24 asteko baimena aitortu diete

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoi eman dio ama bakar bati. Epaiak dio guraso bakarrak «diskriminatuta» daudela

ELAko Jone Bengoetxea, Iratxe Ordorika eta Zuriñe Kintana, atzo Bilbon eginiko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Zuriñe Kintana ama bakarra da. Joan den urteko ekainean jaio zen haren alaba, eta, hura zaintzeko hamasei asteko amatasun baimena amaitu zitzaionean, bigarren gurasoari dagokion zortzi astekoa eskatu zion Gizarte Segurantzari, baina ukatu egin zion. EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen orduan, eta arrazoi eman dio: 24 asteko baimena izateko eskubidea dauka. Guraso bakarreko familiei eragiten dien epaia aitzindaria da, bikoteek seme-alaba jaioberriak zaintzeko duten denbora berbera aitortzen dielako guraso bakarrei. Auzitegiak esan du Kintanak eskubidea duela zortzi asteko baimen gehigarria jasotzeko, eta hori ukatzeagatik zigortu egin ditu Espainiako Gizarte Segurantzako Institutua eta Gizarte Segurtasuntzako Diruzaintza.

Epaia ez da irmoa, fiskaltzak helegitea aurkeztu baitio, bainabide bat ireki duela uste du ELA sindikatuak. Kintana pozik agertu da ebazpenarekin, eta guraso bakarren «diskriminazioa» amaitzeko pausoa dela esan du. Iratxe Ordorika ELAko kideak azpimarratu du ebazpena «berritzailea» dela, eta garrantzi handia duela, bai ikuspuntu juridiko batetik, bai genero berdintasunaren ikuspuntutik. Emakumeen lan baldintzetan eta bereziki kontziliazio eskubideetan eragina izan dezakeela nabarmendu du sindikatuak. Izan ere, guraso bakarreko familia gehienak andrazkoek osatzen dituzte.

Auzitegiak umearen interesak lehenetsi ditu, eta argudiatu duguraso bakarreko familiak «diskriminatuta» daudela, berdintasun eskubidea urratzen delako. Epaiak dioenez, bi guraso dituzten haurrek zaintzaz 24 astez gozatzeko eskubidea dute, eta «diskriminatzailea» da eskubide hori hamasei astera mugatzea guraso bakarra duten haurren kasuan. Gainera, auzitegiak ulertzen du legeak bermatzen duen berdintasun printzipioa urratuta dagoela guraso bakarreko familietan. Izan ere, epaiaren arabera, zortzi asteko sari gehigarria aitortu ezean, baztertuta egongo lirateke guraso bakarreko familiak eta, zeharka, emakumeak.

«Ikuspegi feminista»

Genero ikuspegitik ere analisia egin du auzitegiak ebazpenean. Azpimarratu du emakumeek pairatzen dituztela lanaren eta zaintzaren banaketaren desorekak, eta guraso bakarreko familiak gehienetan emakumeek osatzen dituztela: «Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna nahi da, baina, horren ordez, arrakala berri bat sortu da, berdintasunaren ikuspuntu funtzionalista lehenetsita. Ondorioz, guraso bakarreko familiak diskriminatu egin dira, eta, zeharka, emakumeak ere bai».

ELAren ustez, epaiak ezbaian jartzen du familia eredu «bakarra», horri buruzko ikuspuntua zabaltzen laguntzen du, eta, ondorioz, gizarte iruditeriaren «eraldaketarako» aurrerapauso bat ere bada. Sindikatuaren iritziz, gainera, epaiak atea irekitzen dio «ikuspegi feminista» bat duen jurisprudentzia berri bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.