Pastor

Guraso-eskolak udalekuetan

2025eko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haur Hezkuntzan ari da lanean. Urte batzuk eman ditu horretan; ez da atzo goizeko kontua, ez. Umeak gero eta mainatsuagoak direla uste du. Gero eta apetatsuagoak. Horixe dio bere esperientziatik: «Haur askok 4 urterekin ikasten dute ez hitza zer den. Eskolara etorri arte ez dute inoiz entzun. Orduan, gelan zerbait egin nahi dute eta zilegi ez dela esaten badiezu, begira geratzen zaizkizu, ulertu ezinik». Neskak ume horien gurasoen azalpenak entzuten ditu sarritan: «Ez dakite ez nola esan. Ez dute haurren kasketarik nahi». Eta amore ematen dute.

Salbuespenik bada ere, badirudi txikienen hitzek eta gurariek agintzen dutela etxe askotan. Gurasoek, ezer egin aurretik, umeen baimena beharko balute bezala. «Uste dute haurrak mundura ekarri eta heztea gauza erraza dela», adierazi du neskak. Ironiaz bukatu du: «Noizko guraso-eskola?».

Ez da halakorik entzun diodan lehen irakaslea. Antzinako gurasoen diktadura zorrotz gupidagabe eta batzuetan bortitza eraitsita, beste muturreraino joan ote gara? Umeek ezezkoa onartzen eta gurasoek ezezkoa esaten ez jakiteraino? Umeek zer esan eta huraxe egin? Gero, ondorioak: haurrak zenbat eta koskortuagoak, orduan eta harrotuagoak eta puztuagoak. Ikasten ari dira, besterik ez, eta oporretarako dirua eskatzen diete gurasoei. Eta haiek eman. Zenbaitetan urrunean galtzeko. Edo langile familiako lagunekin Malagara joan eta egun batez Marbellara propio hurbiltzeko, ez hango kaleetan dauden Ferrari, Porsche eta Maserati-80ak erretzeko, baizik eta haien ondoan argazkiak egin eta sare sozialetara igotzeko, oporren ostean working-class people institutu publiko ziztrinera itzuli baino lehen. Eta aita, ulerkor mintzo: «Gazteen gauzak, badakizu». Non zaude, Karl? Highgate-ko hilerrian, bai.

Ez da guraso-eskolarik eta ez da izango. Are gutxiago mundura haurrak ekartzeko baimenik edo agiririk, ezinbesteko probak gainditu ondoren emango litzatekeenik. Naturaren legearen aurka joatea izango litzateke. Zer egin orduan? Etxean ezina, eskolan egina? Umeen ardura irakasleen bizkar utzi? Norbait huts egiten ari da, eta norbait hori ez da, preseski, haurra.

«Etxean ezina, eskolan egina? Umeen ardura irakasleen bizkar utzi? Norbait huts egiten ari da, eta norbait hori ez da, preseski, haurra»

Guraso-eskolarik ez, baina barnetegi edo udalekuren batera joatea onuragarria izango litzateke guraso batentzat baino gehiagorentzat. Hamabost egunez bikotekideetako bat han, eta beste hamabost egunez bestea. Gurasoak erdibituta: bata udalekuan; bestea etxean. Egonaldian zenbait pauta barneratuko lituzkete, gero umeei irakasteko. Esaterako: ahalik eta gutxien kontsumitu; egunero bost ezezko jaso eta kudeatzen ikasi; ezer ez litzateke inorena izango, dena partekatuko litzateke, gizarte gero eta indibidualistagoari buru egiteko; arropa arras normala jantziko lukete, marken dirdira gabea. Eta pizza, hanburgesa, kebab, taco eta antzeko fast food-a astean behin baino ez.

Harreman pertsonalek berebiziko garrantzia izango lukete. Telefonoa egunean ordubetez baizik ez litzateke piztuta egongo —ez kezkatu, gurasoek metadona izango lukete eskura monoari aurre egiteko—. Ondorioz, Tiktok, Instagram eta abarretan sartzeko denbora, norberaren nabarmenkeria, inbidia eta jakin-min kaltegarriak piztekoa, erabat murriztuko litzateke. Buruz buruko solasaldia lehenetsiko lukete, inolako bitartekari teknologikorik gabe. Diktadura bat izango litzatekeela pentsatuko dute lagun batzuek. Oraingoa zer dugu, bada?

Hainbat lekutako gurasoek elkar ezagutu eta elkarri esperientzien berri emateko aukera izango lukete. Dena ikuspuntu gizatiarretik, pertsona hobeek osatutako jendartearen aldeko ametsa gogoan. Helduek ez lukete seme-alaben baimenik beharko eta moralkeriaren gurutzatuak ez lirateke egoeraz aprobetxatuko beste gizarte eredu baten alde ari garenon kontra egiteko. Ez ginateke paradisuan biziko, baina, bederen, apur bat askatuko ginateke teorian hain higuingarria zaigun eta praktikan hain gorrotatua ez dugun sistema kapitalista gaitz ororen errudunetik. Horixe pentsatu nahi nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.