Igor Eguren Ordiziako alkatea (Beasain, 1975) etorkizuneko Udalbiltza berrantolatzeko betebeharra hartuko duen talde eragileko kide izango da. Atxikimenduak biltzen jarraitzea eta Udalbiltzaren batzar eratzaile nagusia prestatzea izango du zeregin taldeak datozen hilabetetan. Iruñeko ekitaldia amaitu berritan, hitz egin du BERRIArekin.
Ekitaldi honek izan du balio sinbolikoa. 1999ko otsailean Iruñean egin zen Udalbiltza sortzeko deia, eta 13 urte geroago Iruñea aukeratu duzue berriro. Zergatik?
Bai, parekotasun hori bilatu nahi izan dugu. Orain bigarren aldiz aurkeztu genuenean Udalbiltzaren berrantolaketa hau, argi geneukan batzar eragilearen aurretik horrelako agerraldi bat egin nahi genuela. Horregatik egin dugu Iruñean. Erabakitzear dago batzar eratzaile hori noiz eta non egingo dugun, baina printzipioz nahi genuen Iruñera etorri, horrek daukan sinbolismoarekin.
Ekitaldiak, hasieran, iraganean pausatu du begirada. Zer irakaspen utzi dute hamahiru urteok?
Batetik, agerian uzten du Euskal Herria zazpi herrialdeak bat hartuko dituen erakunde ofizial batekin ordezkatzeko beharra dagoela. Duela hamahiru urte sortu zenean, hori zen asmo nagusia; Euskal Herria aintzat hartuta eta bost printzipioetan oinarrituta abiatzen zen lehen erakunde instituzionala zen, eta horrek bultzatzen gaitu. Egia da tartean gauza asko gertatu direla. Ekitaldian aipatu dira, eta ordezkatuta egon dira hamahiru urteotan Udalbiltzak izan dituen bi ildoak: Udalbiltza bera eta Udalbide. Hemen izan ditugu bai Jesus Mari Agirrezabala Udalbideko lehendakariorde izandakoa eta bai Loren Arkotxa, bi bide horien irudi bakarra egiten. Urte hauetan guztietan lan handia egin da, eta gauza asko egin dira bi bidetan. Batera egiteak izan behar du helburu.
Etorkizunera begira, batasunerako dei garbia egin duzue, Udalbiltza eta Udalbide elkarrekin jarduteko.
Harremanak egiten egon gara. Lortu ditugu atxikimendu batzuk. Ez daude guztiak, baina segitu behar dugu guztien bila, beti ere errealitateari muzin egin gabe. Badakigu badaudela Euskal Herria Euskal Herri gisa onartzen ez duten hautetsiak eta horiek ordezkatzen dituzten alderdiak, baina guk eurei ere eskua luzatuko diegu. Badaude ere Euskal Herria onartzen dutenak eta oraindik ere ekitaldi honetara biltzea lortu ez ditugunak. Hori da etorkizuneko gure asmoa.
Denbora gutxian milatik gora atxikimendu bildu dituzue. Gehiago lortzeko modua bai?
Gaur [atzo] goizera arte 1.100 lortu ditugu. Guretzat garrantzitsua da hilabete baten buruan babesa ematea. Talde eragilearen zereginetako bat hori izango da. Gaur lehen argazki bat atera nahi genuen, baina atxikimenduak biltzen jarraituko dugu. 650 udaletako 6.500 hautetsiri egin diegu deia, eta gure asmoa da ahalik eta gehien batzea. Arrazoi bategatik: herrietan lan egiten dugun hautetsiok egunerokotasunean gure herriko lanetara ohituta gaude, eta herritarrekin harremana dugu. Hori balio bat da Euskal Herria bere osotasunean har dezakeen erakunde batentzat.
Talde eragilea osatu da. Zer lan egingo duzue?
Atxikimenduen kanpaina hori egingo dugu, eta orain arteko gogoetak zirriborro batean bilduko ditugu. Abian jarriko dugu prozesu parte hartzaile bat, Euskal Herriko hautetsi guztiak deituz parte hartzera. Oinarri horien baitan, etorkizuneko Udalbiltzak izango dituen edukiak lotuko dira. Irizpide batzuk iraganeko irakaspen horretatik datoz. Hamahiru urteotan zerbait ikasi dugu, eta zirriborro bat prestatuko dugu, udal hautetsi guztiekin eztabaidatzeko eta Udalbiltza berriari esparru berri bat jartzeko.
Igor Eguren. Udalbiltzako talde eragileko ordezkaria
«Gure asmoa da ahalik eta hautetsi gehien batzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu