Militantzian eta klandestinitatean lagun izan ziren Martin Auzmendi (Ataun, Gipuzkoa, 1950) eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, azken hura desagerrarazi zuten arte. Ordutik, Perturri zer jazo zitzaion argitu nahian ari da Auzmendi. Familiaren abokatu gisa jardun zuen auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi zenean, eta, 50 urte igaroagatik ere, ez du amore eman egia topatzeko lanean. Larunbat eguerdian Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko Etorbideko zubian egingo dioten omenaldian izango da, eta, desagerpenaren inguruan mahai gainean diren hipotesietatik harago, argi du zer eskatu nahi duten bertan: «Egia nahi dugu».
Urteurren borobila da aurtengoa, eta, horie dela medio, zenbait ikerketa eta kazetaritza lan atera dira Perturren eta haren desagerpenaren inguruan. Zer iruditu zaizkizu?
Aste hauetan ikusten ari naizena ikusita, tristura eragiten dit, desagertuta daukagun pertsona horrengan pentsatzean. Uste dut ez zuela merezi hau. Desagerrarazi zutenek oso ondo zekiten zergatik desagerrarazi nahi zuten, eta oso ondo egin zuten: 50 urte pasatu dira, eta ez dugu aztarnarik. Helburu partekatua beharko luke zer gertatu zen jakiteak, baina hipotesien arteko lehia bat ikusten ari naiz, eta hori penagarria da niretzat. Nor bere hipotesiaren defentsan tematuta dago, eta kasu batzuetan espekulazio hutsak erabilita.
Ez duzu uste egia jakiten lagundu dezaketenik?
Uste dut gaia hain serioa izanda, eta frogarik ez dagoen heinean, kaltegarria dela gertatzen ari dena. Hipotesi bat edo beste defenditzea zilegi da; bati besteari baino sinesgarritasun handiagoa ematea. Edo batzuek bati bakarrik ematen diote sinesgarritasuna, bestea alboratuz. Hori da egun hauetan agerian geratzen dena. Eta nik galdetzen dut: 50 urte hauetan zer egin dugu egia jakiteko? Tamalez, ikusi dut Espainiako Estatuak ez duela ikerketa seriorik egin. Eta galdera bat badago hor: Espainiako Estatuak zergatik ez du egin ikerketa serio bat gai honen inguruan? Gauza bera esan dezakegu Frantziako Estatuaz. Pertur errefuxiatu politikoa zela desagertu zen. Eta bi estatu hauetako informazio zerbitzuek ez zeukaten ahalmenik horrelako gai baten inguruan inolako zantzurik izateko? Harrigarria dirudi. Egia da, era berean, arrazoi bat baino gehiago dela medio ETAk eta haren ingurukoek ere ez dutela gai honen inguruan interes berezirik izan. Horrek ez du inolaz ere beste ezer esan nahi; hori bakarrik.
Uste duzu ez dela behar beste egin Perturri zer jazo zitzaion argitzen saiatzeko?
Tamalez, 50 urte hauetan, Perturren desagerpenaren gaia baztertuta egon da. Gurasoak egon ziren azken egunera arte kezkatuta; haiek hartu zuten Auzitegi Nazionalean kereila aurkezteko ekimena ere. Eta beren semearekin zer gertatu zen jakin gabe hil ziren. Eta egiarako eskubidea omen daukagu. Ba, saiatu gaitezen egia egin dadin. Harritzen naiz ikusita egun hauetan ateratzen diren gauzetan ia inor ez dudala ikusten galdetzen ea zer egin dezaketen estatuko administrazioek. Hor dago Memoria Demokratikorako Legea: jasotzen du desagertze behartuetan estatuko administrazioaren betebeharra dela gorpuzkiak lokalizatzea.
«50 urte hauetan, zer egin dugu egia jakiteko? Tamalez, ikusi dut Espainiako Estatuak ez duela ikerketa seriorik egin»
Zer eskatzen diozue estatuari?
Eskaera Espainiako eta Frantziako administrazioei zuzentzen diegu, nagusiki, eta gai hauetan eskumena duten eragile guztiei. Baina Espainiari eskatzen diogu bete dezala Memoria Demokratikorako Legea. Perturren kasua bete-betean sartzen da, 1978ra arteko kasuez hitz egiten baitu. Hilaren 25eko ekitaldian, exijituko dugu estatuak bere gain har dezala gai honen ikerketa; modu serioan. Eta mahai gainean jarri nahi dugu nazioarteko hitzarmenen arabera desagertze behartuen preskripziorako epeak ez direla hasten gorpuzkiak aurkitu arte. Beraz, ez dago preskribatuta.
Sekretu ofizialen legea ere aipatu ohi da; informazio klasifikatua argitara ateratzea.
Bertan behera utzi beharko litzateke lege hori, eta, zerbait badago Perturren desagerpena argitzen lagunduko lukeena, jar dadila eskura.
Baduzue sentsazioa batzuek Pertur politikoki erabili dutela?
Eta tamalgarria da hori. Perturrek ez zuen hori merezi. Hasiko gara espekulatzen ea zer egingo zuen? Zer izango zen? Haren ibilbidea zein izango zen? Eta okerrena horretarako zehaztasunik eza da. Ez dezagun historia aldatu. Gertatutakoa gertatu da, eta esandakoak eta idatzitakoak hor daude. Ez ditzagun manipulatu. Zenbat aldiz entzun izan dugu Pertur desagertu zenean borroka armatua uztearen alde zegoela?
Horri lotuta, Otsagabia txostenaren interpretazio partzial asko egin dira.
Hark ez zuen borroka armatua zalantzan jartzen; ez genuen, ni ere hor nintzen eta. Adierazten genuen egokitzapen bat egin behar zela, eta borroka armatuak herri mugimenduen lorpenak babesteko egon behar zuela, norabide politikoaren pean. Hortik, batzuek azkenerako esan dute, lasai esan ere, Pertur Bereziek desagerrarazi zutela, borroka armatua bukarazi nahi zuelako. Eta hori ez da horrela; desadostasunak beste batzuk ziren. Ez ditzagun gauzak bihurritu gure hipotesiak babesteko. Hori ez da leiala izatea, ezta Perturren memoriarekin ere. Oraindik ere gaizki erabiltzen ari gara Perturren figura, eta hori tristea da.
2026ko begiradaz aldatu nahi da 1976an jazotakoa?
Batzuek nahiago lukete Pertur ETAko kide izan ez balitz, baina izan zen. 50 urte hauetan egin den bide politikoan, pertsonak aldatu egin gara, eta gure pentsamenduan ere izan dira aldaketak. Gai honetan, zoritxarrez, batzuetan ikusi dugu oraingo interesen arabera idatzi nahi dela zein izan zen Perturren historia, zer izan zen bera, zer ekarpen egin zituen eta abar, eta ez garai hartako errealitatean oinarrituta. Eta, errespetu guztiarekin, nire ustez hori ez da egokia. Ekarpen kaskarra egiten ari gara hortik, eta are okerragoa erronka nagusiari: jakitea zer gertatu zen. Nire kezka da 50. urteurrenaren inguruko zurrunbiloa bukatuko dela, 2026ko uztaila pasatuko dela, eta gero zer? Orain bolo-bolo ari direnek gerora zer egiteko asmoa dute? Nolabait susmatzen baitut batzuk lasai geldituko direla euren hipotesiarekin. Hori egia jakitea baino erosoagoa izan daiteke eta.
«Zoritxarrez, ikusi dugu oraingo interesen arabera idatzi nahi direla Perturren historia eta ekarpenak, eta hori ez da egokia»
Nork bere aurreiritziak egiaztatutzat jota.
Hori ere gizakion joeretan dago: nahiago dut lasai egon nire hipotesiarekin.
Esan diren gezur eta sasiegia horien aurrean, baina, nola gogoratu nahi duzue Perturren ekarpena?
Haren ekarpena inportantea izan zen. Sumatu zitekeen Franco hil ondoren gauzak ez zirela erabat berdinak izango, baina bera izan zen hausnarketa hori mahai gainean jartzen saiatu zirenetako bat: egokitzapen estrategiko eta ideologikoak egitea, eta antolakuntza garai berrietarako prestatzea. Otsagabia txostenaren egile nagusietako bat izan zen. Gero, Jabier Garaialdek eta beste batzuek bukatu zuten, baina ukaezina da nolako eragina izan zuen Perturrek norabide aldaketa hori pentsatu eta idazterakoan.
Desagerpenari dagokionez, berriz, ez duzue bilatzeari uzteko asmorik.
Nik oso garbi daukat. Haren amari, hil baino hilabete batzuk lehenago, zera esan nion: «Zu lasai egon zaitez. Ziur izan guk Pertur ez dugula ahaztuko, eta saiatuko garela non dagoen jakiten. Ziur egon zaitez. Hitza ematen dizut». Uste dut hori zor diogula. Behintzat, ez ahaztea, eta esploratzeke dauden zirrikituak miatzea. Zaratarik gabe, espektakulurik gabe. Prentsaurreko gutxiago, eta podcast gutxiago. Benetan saiatu egon daitezkeen arrasto berriak topatzen. Horiek ez dizkigute emango: bilatu egin behar dira. Hori gure esku dago. Gure bitarteko eskasekin, baina egia topatzeko egin daitekeena egiten jarraituko dugu, eta ez itxaron estatuak ea zer egingo.