Gure Esku-k ekinaldi bat abiatu du herritarrak burujabetza prozesuei buruz solasean jartzeko

'Euskal Herria Lau Haizeetara' izena du egitasmoak, eta asteartean hasiko dituzte solasaldiak, Gernikan. Hortik aurrera, beste hainbat tokitan ere izango dira: Tolosan, Altsasun eta Bilbon, besteak beste.

Gure Esku-ren agerraldia gaur, Zornotzan. GURE ESKU
Gure Esku-ren agerraldia gaur, Zornotzan. GURE ESKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 4a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak Euskal Herria Lau Haizeetara dinamika aurkeztu du gaur, Zornotzan, Bizkaian. Helburua da herritarrei entzutea zer irizten dieten autogobernuei buruzko eztabaidei, eta solasean jartzea burujabetza prozesuen inguruan: «Elkarrekin erakutsi nahi dugu bere buruaren jabe izan nahi duen nazio bat dagoela hemen. Komunitate bat garelako, dagozkigun gai guztiez erabaki nahi dugulako, eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko tresnak behar ditugulako», adierazi dute ohar bidez.

Horregatik sustatu dute dinamika: batetik, herritarrei entzuteko; bestetik, «burujabetza osoaren bidea bultzatuko duten dinamikak elkarrekin diseinatzeko», oharrean esan dutenez.

Aurten eta datorren urtean egin asmo dute dinamika, Euskal Herriko hainbat tokitan. Asteartean bertan hasiko dira, Gernikan, Bizkaian. Elai-Alai aretoan izango da hitzordua, 18:30ean. Haren ondotik, Tolosara joango dira (Gipuzkoa), hilaren 9an. Altsasu (Nafarroa), Bilbo eta Etxebarri ere (Bizkaia) lotu dituzte ondotik. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte: «Ezinbestekoa da, batetik, egoera horri buruz gogoeta egitea eta herritarren iritzia entzutea, eta, bestetik, denon artean hauspoa ematea».

Gure Esku-k ekainaren 7an egin zuen Bilbon egun osoko aldarrikapen eguna, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. Milaka lagun batu ziren. Herri aktibazioa lortzea zuten xede, eta hori lortze aldera egingo dituzte aurrerantzean batzarrak herrietan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, estatutu berriari buruzko eztabaida irekita dago. Nafarroako Legebiltzarrean, martxan dago autogobernu ituna berritzeko lantaldea, eta, Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoaren eskumenak handitzeaz ere ari dira hausnartzen. Testuinguru hori dela-eta lortu nahi du Gure Esku-k herritarren aktibazioa, erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua indartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.