Gure Eskuk ikurrina handi bat jarri du Larhun mendian

Mugimenduak Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu du horrela, eta dei egin du ekainaren 7an mobilizatzera.

Gure Eskuren mobilizazioa, gaur, Larhunen. GURE ESKU
Gure Eskuren mobilizazioa, gaur, Larhunen. GURE ESKU
Paulo Ostolaza.
2025eko maiatzaren 25a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure Eskuk «burujabetzaren aldeko herri aktibaziorako deia» egin du gaur eguerdian Larhun mendian, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan. Mugimenduko kideek ikurrina handi bat jarri dute tontorrean, 7,5 metroko mastan, urrundik ikusteko moduan. Horrela, aldarrikatu dute Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela, eta ekainaren 7an Bilbon mobilizatzeko deia egin dute.

«Tontor honetatik, egun eguzkitsu eta argietan, Euskal Herriko zazpi lurraldeak ikusteko aukera izaten da», hasi da Iraitz Lazkano Gure Eskuko zuzendaritzako kidea. «Toki aproposa da Euskal Herriari begiratzeko, herri libre bat eraikitzeko konpromisoa berresteko eta euskal herritarrei dei egiteko: aktiba gaitezen denok, herritarron mobilizazioa ezinbestekoa delako nazio honek aurrerapausoak egin ditzan».

Gure Eskuko kideak ikurrina jartzen, gaur, Larhunen. GURE ESKU
Gure Eskuko kideak ikurrina jartzen, gaur, Larhunen. GURE ESKU

Lazkanok gogorarazi du estatus politikoaren gaia mahai gainean dagoela, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetan dagoela ahalmen politiko gehiago izateko borondatea. «Oso gutxitan gertatu da hori Euskal Herriaren historian».

Gaurko ekitaldia urtero errepikatzeko asmoa dutela esan du, «ikurrina berritzeko eta nazio bera garela aldarrikatzeko», eta gogorarazi du ikur hori euskal herritarrek ordaindu dutela, crowdfunding kanpaina baten bidez. Ekitaldian inguruko zenbait alkatek hartu dute parte: Berako Aitor Elexpuruk, Urruñako Filipe Aramendik eta Ziburuko Eneko Aldanak.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.