Kartzelatik atera zenean, Harrera elkartearen laguntza jaso zuen Maitane Sagastumek (Donostia, 1969); 22 urte egin zituen barrenean. Orain, hura aritzen da espetxetik ateratzen diren presoak laguntzen, eta ongi ikasia du lezioa: «Hasieran dena da polita, eta pentsatzen duzu edozer egiteko gai zarela, eta neurri batean egia da. Baina gero ohikoa da laguntza eskatzea. Nik kartzelatik atera eta hamar urtera eskatu nuen psikologo bat. Zergatik? Ba, ez nintzelako jabetzen zer neukan barruan. Torturaren ondorioak, beldurrak... Hasierako uholde hori pasatu eta gero ohartzen zara benetan zenbat eragin duen kartzelak zure bizitzan». Joan den larunbatean izendatu zuten elkarteko bozeramaile, Egoitz Kotorekin batera.
Laguntza ekonomikoa, administratiboa, osasun arreta eta etxebizitzari dagokiona bermatzen dizkiezue presoei. Zer bitarteko dituzue horretarako?
Elkarteak lau langile ditu soldatapean, presoei laguntza pertsonalizatua eman ahal izateko eta ateratzen direnak artatu ahal izateko. Eta horrez gain hainbat sare dauzkagu: dentistak, okulistak, fisioterapeutak eta psikologoak, eta hainbat profesional behar espezifikoak sortzen direnerako.
Baduzue hutsunerik lan hori egin ahal izateko?
Bigarren gradutik hirugarren gradura pasatzeko hainbat baldintza bete behar dira. Adibidez, lan kontratua lotua izatea, edo trebakuntzarako praktika batzuk lotzea, edo borondatezko praktika batzuk egiteko bidea aurkitzea. Hau da, presoak helburu edo arrazoi bat izan behar du kalera atera ahal izateko. Baldintza horiek guztiak espetxe barrutik lortzea oso zaila da, eta hor dauzkagu guk hutsunerik handienak. Alegia, kalean dagoen pertsona batentzat zaila baldin bada lana lortzea, imajinatu espetxe barruko norbaitentzat. Bakoitzak bere beharrak dauzka, eta horietara egokitzea da lehenengo urratsa.
Dena den, orain espetxe barrenetik hasten zarete lanean, ezta?
Bai. Espetxe barrura sartzeko baimena eskatu genuen Martutenen, Zaballan, Basaurin eta Iruñean. Eusko Jaurlaritzak baimena eman zigun lehendabiziko hiru horietan sartzeko, eta beraz, sartzen hasi ginen. Preso bakoitzak eskaera bat egin behar zuen gurekin elkartu ahal izateko, eta gu eskaera hori egin duten guztiekin egon gara.
Zenbat dira?
Guztira 39 elkarrizketa pertsonal egin ditugu: 30 gizoni eta 9 emakumeri. Bakoitzaren beharrak, kezkak eta eskaerak ulertzeko ezinbestekoa zen haiek ondo ezagutzea. Preso bakoitzari fitxa estandarizatu bat egin diogu, datu guztiak bildu ahal izateko eta egoeraren berri izateko. Eta orduan hasi ginen pentsatzen zein izan zitekeen bakoitzaren ibilbidea kanpoan, eta horren arabera laguntza mota bat edo bestea eskaintzen.
«Ohikoa da preso batek sentitzea karga bat dela familiarentzat, eta ateratakoan are gehiago. Karga hori arintzen saiatzen gara gu, eta hortik aurrera bakoitzaren neurrirako traje bat diseinatzen»
Eta behin ateratzea lortutakoan, nolakoa da prozesua?
Berehala jartzen gara haiekin harremanetan. Lehen egunetan izapide administratiboak egin behar izaten dira, eta ezin duzu imajinatu ere egin zenbat izan daitezkeen, benetan. Zenbat alta, zenbat paper... Ateratzen diren presoak, oro har, nahiko galduta egoten dira teknologia arloan, eta laguntza hori oso-oso beharrezkoa da. Oso pozik eta emozionatuta ateratzen dira gehienak, baina oso galduta. Guk horretan laguntzen diegu, eta laguntza ekonomikoa ematen ere bai, noski. Ohikoa da preso batek sentitzea karga bat dela familiarentzat, eta ateratakoan are gehiago. Karga hori arintzen saiatzen gara gu, eta hortik aurrera bakoitzaren neurrirako traje bat diseinatzen dugu.
Zein izaten da beharrik ohikoena?
Laguntza ekonomikoa, dudarik gabe. Ez da batere erraza kalera ateratzea eta sentitzea oraindik ere laguntza eskatu behar diozula familiari. Gero, denborak aurrera egin ahala, presoek topatzen dute laguntza ekonomiko hori beste nonbait, baina hasieran oso inportantea da gu hor egotea.
Eta laguntza psikologikoa?
Hori ere ezinbestekoa da. Ateratzen zarenean, izan behin betiko edo behin-behinean, oso pozik ateratzen zara, baina motxila handia daukazu, eta gauza asko daude landu beharrekoak: beldurrak, zalantzak, ezintasunak… Zaila da egoerara ohitzea. Barruan daramatzagun motxila horiek atera behar dira, baina jakin behar da nola atera, eta psikologoek asko-asko laguntzen dute horretan.
Espetxe legedia eta zigor kodea Espainiako Estatuaren esku daude, baina 2021ean Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen espetxe eskumena. Aldaketarik sumatu duzue?
Egia da hobekuntzak egon direla zigorrak betetzeko modua Eusko Jaurlaritzaren esku dagoenetik, eta gainera uste dut prozesuaren hasieran gaudela, eta etorriko direla aldaketa gehiago. Kontu hauek oso mantso joaten dira, eta kostatzen da aurrera joatea, baina uste dut badagoela gogoa, eta badagoela asmoa. Erronka askori egin behar zaie aurre, eta martxan jar daitezela eskatzen diegu guk.
Noizbait bukatzen da Harrera elkartearen lana?
Berez, ez. Nik atera berritan Harrerari esker atera nuen gidabaimena eta konpondu nituen hortzak, adibidez. Gero nire kabuz hasi nintzen lanean, eta laguntza ekonomikoa emateari uzteko eskatu nien. Eta gero berriz etorri nintzen bueltan laguntza psikologikoa eskatzera. Orduan, berez ez da inoiz amaitzen. Espetxean edo erbestean egon den edozein etorri daiteke guregana, bai orain ateratakoa, bai aspaldi ateratakoa. Gerta liteke dena oso ondo joatea eta bat-batean fiskalak progresioa errekurritzea, eta hor bueltan etortzen dira paperak eta egin beharreko lanak. Alegia, buelta asko eman daitezke bidean, eta askotan inprobisatu behar izaten dugu.
«Gerta liteke dena oso ondo joatea eta bat-batean fiskalak progresioa errekurritzea. Buelta asko eman daitezke bidean, eta askotan inprobisatu behar izaten dugu»
Eskualdeka edo herrialdeka zaudete banatuta?
Bai, eta 2025ean kontaktuak zabaltzeko aurkezpenak egin genituen. Laurogei herritan izan gara herriko jendea ezagutzen eta gure proiektua aurkezten. Harpidetzak asko igo dira horrela, eta lortu dugu gure sarea dezente zabaltzea, eta hori inportantea da presoak hurbileko laguntza izan dezan gutaz aparte.
5.000 bazkide lortzea zen joan den urteko helburua, eta 4.820 dira egun. Pozik zaudete?
Oso pozik eta eskertuta. Zenbat eta diru gehiago jaso, orduan eta leku eta jende gehiagorengana iritsiko gara, eta sekulako poza da hori. Gure helburua espetxe barruan presorik ez egotea da, baina horrek esan nahi du lan handia egin beharko dela kanpoan, eta zaindu egin behar direla ateratako eta itzulitako guztiak. Elkartasun handia ari gara jasotzen, eta pozik gaude, baina bitarteko gehiago behar ditugu oraindik.
Kanpaina berri bat antolatu duzue aurten, testamentuena. Elkartasuna adierazteko bertze forma bat da hori?
Joxe Mari Espartzak abuztuan idatzitako gutuna du oinarri. Belaunaldi oso batek elkartasuna izan du oinarri, eta elkartasun horri forma aldatzen joan zaio. Gaur egun elkartasun hori beste forma batean ulertu daiteke, zure herentziaren zatitxo bat elkarteari emanez, adibidez.
2024an abiatu zenuten fase berria, zehazki, hirugarren gradua zuten eta baldintzapean aske zeuden presoetatik geroz eta gehiago ari zirelako ateratzen. Zer balantze egiten duzu gaurtik begiratuta?
Oso positiboa, eta presoek beraiek ere horrela baloratu dute egiten ari garen lana. Fase berriak beste lan batzuk ekarri dizkigu, eta gure lana orain eta etorkizunean egoera zaurgarrian egongo diren presoak identifikatzea da.
Eta horregatik galdetegiarena.
Hori da. Iheslari, deportatu eta preso horien irteera duina bermatu nahi dugu. Geroz eta preso gehiago aterako dira helduak direnak adinez; alegia, batere kotizatu gabe aterako dira. Jakin nahi dugu zenbat diru jarri beharko genukeen horretarako, eta horregatik bidaliko diegu galdetegi bat 2000. urtetik gaur arte preso daudenei.