'Bateragune auzia'. Epaiketa

«Gure helburua ezker abertzalearen estrategia errotik aldatzea izan da»

Beren apustua bide soilik politiko, baketsu eta demokratikoen aldekoa izan dela azaldu dute akusatuek lehen saioanArnaldo Otegik fiskalaren galderei erantzun die, eta akusazioak lekuz kanpo utzi ditu

Pello Urzelai.
Madril
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bumeran efektua hasi da. Bateragune auzia hankaz gora jarri dute akusatuek beraiek epaiketaren lehen egunetik. Ezker abertzalearen barne eztabaidaren mamia eta emaitza beren gain hartu dituzte, askotan sutsu, batzuetan planteamendu politikoak biluzi arte. Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek protagonismo berezia izan dute. Argi eta irmo hitz egin dute, ohi baino ozenago, beraiek eta beste sei kideak –Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Arkaitz Rodriguez, Mañel Serra eta Amaia Esnal– epaitzen ari den tribunalak, eta, oro har, iritzi publikoak ongi entzun dezaten.

Arnaldo Otegik fiskalaren galderei erantzutea erabaki du. Eta, hala, ikusmina areagotu du. Galdeketa askotan eztabaida bilakatu da, auzian dauden dokumentuen inguruko aipamenen harira. Baina, galderak era batera edo bestera egin arren, fiskalak beti Arnaldo Otegiren irmotasun eta konbentzimendu berarekin topo egin du. Hasieratik azaldu dio: «Guk bi helburu genituen, ezker abertzalean eztabaida bat hastea eta ezker abertzalearen estrategia errotik aldatzea, hau da, osoko zuzenketa bat egitea orduko estrategiari». Ordu eta erdiko galdeketa izan da, eta hamaika eratara azaldu du Otegik. Aldaketa sakona gauzatzeko ekimenaren lehen mugarria aurreko negoziazio prozesuaren amaieran jarri du Otegik, T4ko atentatuaren ondoren. Orduan argi gelditu zen ETAren ikuspuntuarekiko desadostasuna: «Elkarrizketa prozesuetan indarkeria erabiltzeak edo indarkeria mehatxuak irtenbideak eman beharrean enkistatu egiten ditu, eta konponezin bihurtzen ditu». Gordintasunez, ETAren eta Zutik Euskal Herria prozesua hasi zuen sektorearen arteko funtsezko desadostasuna azaldu du jarraian. Otegiren esanetan, ETAk estrategia politiko-militarra defendatu du, eta haiek ez, kontrakoa baizik. «ETAren asanblearen ondorioak gureen kontra zeuden erabat, estrategia politiko-militarrean jarraitzen zuten». Haiek, ordea, ezin dira egon ETAren inongo diseinuren barruan, fiskalak argudiatu nahi zuen bezala, «estrategia alternatiba» prestatzen ari zirelako, «kontrako jarreran».

Otegiren eta gainerakoen planteamendu politikoak Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostenean jaso zituztela azaldu dute Otegik, Rafa Diezek eta Arkaitz Rodriguezek. Otegik argitu duenez, dokumentu hori atxilotuak izan baino lau ordu lehenago banatu zuten militanteen artean, Internetez. «Ez galdetu nora, ez baitakit gauza horietaz», gehitu du.

Egun berean, 2009ko urriaren 13an, beste dokumentu bat prestatzen ari ziren, Altsasuko adierazpena. Hain zuzen, Mitchell printzipioen aipamena txertatzeko moduaz ari ziren hizketan Rafa Diez eta Arkaitz Rodriguez, poliziak bulegoan atxilotzera sartu zirenean. Testu hartan, «lehen aldiz» aipatzen zen ezker abertzalearen apustuak «soilik» bide politikoen eta demokratikoen bidetik izan behar zuela. Fiskalak ez du galdu iraganeko jarreraz galdetzeko aukera, ea beste garai batzuetan «bateragarriak» ziren. Otegik aitortu du ezker abertzaleak ulertu izan duela ETAren borroka armatua gatazkaren ondorio modura, eta berak, bozeramaile gisa, kontestualizatu izan duela. «Baina dinamika hori hautsi beharra zegoen, indarkeria errefusatu egin behar da», gehitu du.

Fiskalak, temati, auziko dokumentuetara joz, nola edo hala, akusazioaren tesiari heltzen saiatu da, ETAri egotzitako dokumentuetako kontzeptu batzuen eta ezker abertzalearen jarrera edo adierazpen batzuen arteko antzekotasuna baliatuz. 2009ko Aberri Eguna, Maiatzaren Lehena, Europako hauteskundeak, independentisten indar bilketa... Otegik behin eta berriro argitu dio gai horietan guztietanfuntsezko desadostasuna eduki dutela garai horretan ETArekin: ezinezkoa da estrategia horiek garatzea, indarkeriak irauten badu. Ezkerreko abertzaleekin hauteskunde itun bat egitea, Otegiren esanetan, «izaera estrategikoa duen tresna bat da, eta Bildurekin ikusi dugun bezala, oso emaitza onak izan ditu», eta borroka armatuarekin bateragarri egin nahi izatea «politikoki buruaz beste egitea» izango zen eta tresna bera erreko zuen. «ETAk uste du posible dela indarrak biltzea borroka armatuarekin, eta guk ezetz uste dugu. Hori ezinezkoa da».

EArekin landutako akordiorako oinarria ekarri du gogora. Aukera Unai Ziarreta EAko idazkari nagusi ohiak aipatu zion Otegiri Martutenera bisitan joan zitzaionean. Orduan ez zuen posible ikusi, EA Jaurlaritzan EAJrekin batera zegoelako. EAJrekin hautsi ondoren egin zuten hurbilketak helburu bat zuen, erakustea abertzaleen artean adostasuna irits zitekeela, baina ezin zela gauzatu indarkeriaren estrategia indarrean zegoelako.

Jarrera horren atzean banaketa estrategiko bat (fronte politiko eta militarra) dagoen galdetu dio fiskalak une batez. «Ez du zentzurik. Borroka armatuak ez badu zentzurik, ez dauka zentzurik aparatu militar bat izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.