Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Sabino Cuadra. EH Bilduko hautagaia

«Gure herriaren borondatea gauza guztien gainetik dago»

Nafarroan, diputatu kargua lortzeko lehia estua izango da. Kongresuan Nafarroako errealitatearen bozgorailu izaten jarraitu nahi du Cuadrak, eta garrantzitsu deritzo aldaketaren indarrek gehiengoa lortzeari.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Sabino Cuadra EH Bilduko Nafarroako hautagaiak (Amurrio, Araba, 1949) gertutik ikusi du aurreko legealdian PPk bere gehiengo osoarekin nahi duena egin duela, baina ziurtzat jotzen du hori aldatuko dela hauteskundeen ostean: «Jokalekua aldatuko da. Joko politikoa biziagoa izango da». Eta, hori ikusirik, beste lau urtez gertutik bizi nahi du jokaleku berri hori.

Zuen helburua da jendea mobilizatzea. Boz hauek ez ohi dituztelako hainbeste motibatu abertzaleak?

Bai, etxetik distantzia handiagoz ikusten dira estatuko hauteskundeok. Hala ere, eskarmenturik badugu. Duela lau urte oso emaitza onak lortu genituen, eta Euskal Herri osoan lehen indarra izan ginen. Zazpi diputatu lortu genituen, eta EAJk, bost bakarrik. Nahiz eta urruntasun handiagoa izan, jendeak ikusten du hauteskunde garrantzitsuak direla.

Nola analizatzen duzu Kongresuan egindako lana?

Hori batez ere jendeak egin behar du, baina taldean balantze ona egin dugu. Hemen egindako borroken osagarri gisa ikusi dugu.

Agerraldi batzuek oihartzuna izan dute. Irudipena duzu beste jarduna itzalean geratu dela?

Estatuko komunikabideen aldetik jasan dugun tratua oso baztertzailea izan da. Guk egiten genuen ezer ez da argitaratu. Bigarrenik, interesatzen zaiena azpimarratu nahi izaten dute. Nik hori egin nuen, baina Gasteizko Legebiltzarrean PPko parlamentari batek [Santiago Abascal] antzeko zerbait egin zuen Ibarretxe planarekin, edo orain Kataluniako Parlamentuan PPko ordezkari batek Espainiako bandera atera du, eta ez da ezer gertatu. Guk ikurrina ateratzen badugu, ordea, sekulako zalaparta pizten da, eta kanporatzen gaituzte. Nik 200 aldiz hartu dut hitza, eta 18 orduz jardun dut hitz egiten. Bostetan soilik egin dut keinu bat.

Inkesta gehienek eserleku bat ematen dizuete. Hala ere, ez lokartzea komeni zaizue?

Bai. Beste gako bat dago. Inkesta guztien arabera, zalantzatien ehunekoa oso handia da, %40tik gorakoa. Beraz, lan handia egiten jarraitu behar dugu jendea konbentzitzeko Madrilen ahots propioa behar dugula.

EH Bilduk hasieratik bat egin zuen hautagaitza bateratuaren alde. Ulergarritzat jotzen dituzu ezezkoari emandako arrazoiak?

Ez. Handikeria iruditzen zait esatea Nafarroan ezkerreko indarren konfluentzia Ahal Dugu-n zegoela. Ez du zerikusirik lau urteetan gertatu denarekin.

Bakoitza bere kabuz aurkeztuta, aldaketaren aldeko indarrak arrisku bat ari zarete hartzen?

Bai, eta erakusten du inportanteak direla. Alderantziz ere arriskua hartzen dute. Ciudadanosekoek emaitza ona lortuz gero, batez ere UPNren etxetik aterako dira. Gerta liteke diputatu bat besterik ez lortzea. Urduri daudela ailegatu zaigu.

Eta zuek urduri zaudete?

Ez, lasai samar. Polita litzateke aldaketa politiko eta soziala bultzatu duten indarrek gehiengoa lortzea, bai Kongresuan, bai Senatuan. Errazagoa izango da Senatuan, baina Kongresuan lortzen badugu gehiengo bat eta hiru diputatu, garrantzitsua izango da.

Azken legealdian, 1978ko erregimen hori inoiz baino gehiago geratu da auzitan. Zure ustez, erreforma konstituzionalaren helburua zein da, zertxobait aldatzea, erregimen horri berari iraunarazteko?

Baliteke. Guk aldaketa nahi dugu, baina ez aldaketa faltsu bat. Batzuek ontzat jotzen dute sistema, baina aldarrikatzen dute traizionatua izan dela. Gure ustez, ordea, traizio bat izan ziren trantsizioa eta konstituzioa. Hasieran, errepublika, laizismoa, autodeterminazioa eta eskakizun sozialak posible zirela esaten zen, baina Francok izendatutako monarkia ezarri zen, eta, autode- terminazioaren ordez, Espainia zatiezina etorri zen...

EH Bilduk zergatik eta zertarako egon behar du Kongresuan?

Ordezkaritza izan behar dugu, bozgorailu horren bitartez hemengo arazoak eta erantzunak planteatzeko. Horrekin batera, esan behar dugu erabakitzeko eskubiderik ez badago konponezina dela hemen ditugun arazoak, bai politika orokorrekoak, bai egunerokoak. Azken finean, hemen bertan behera geratu diren legeetan Nafarroako Parlamentuak ez du erabaki Armada deuseztatzea edo erregea kanporatzea, baizik eta eguneroko gaiak: sendagaien ordaiketa partekatua, fracking-a...

Baduzue sintoniarik beste alderdi batzuekin?

Gertutasun bat izan dugu ezker subiranistekin —ERC, BNG, Compromis—. Ezker Batua, berriz, zenbait gauzatarako PSOE baino irekiagoa da. Esparru hori handituko da, argi eta garbi. Galiziatik, Valentziatik eta Kataluniatik joango diren talde horiek handituko dira: batetik, ERCk ordezkaritza handituko du, eta Kataluniako edo Galiziako Ahal Dugu-k autonomia eta diziplina propioa izango dute erabakitzeko. Joko handiagoa egongo da.

Estatuan, autonomien eredua krisi betean dago.

Orain dela bost urte jokaleku guztietatik kanpo zegoen auzi hori, bai Katalunian, bai Euskal Herrian. Oro har, desagertuta zegoen, eta orain mahai gainean dago. Agian, unibertsitateko katedra batean eztabaidatzen zen Espainiako estatu ereduari buruz, baina, orain, tertulia guztietan agertzen da. Printzipioz, ona da arazo hori agertu izana.

Dena den, autogobernua mehatxupean eta arriskupean dago?

Bai, guk planteatzen dugu erabakitzeko eskubidea eguneroko kontuekin lotu behar dugula, eta horretan gabiltza buru-belarri. Adibidez, ez dezala Madrilgo norbaitek ebatzi konstituzioaren aurkakoak direla parlamentuak onartutako legeak edo Foru Hobekuntzan ez dela eskumenik agertzen. Ez badira agertzen, Foru Hobekuntza eta konstituzioa kanpora. Gure parlamentuak dio hori onartzen dugula, eta kito. Gure herriaren borondatea dago gauza guztien gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.