Aniztasun funtzionala eta urritasun fisikoa duten herritarren eskubideen aldeko lana egiten du Elkartean koordinakundeak. Presidente eta bozeramaile kargua betetzen du Igor Navarrok (Gasteiz, 1978).
Geu Be elkarteak salatu du Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan urritasun fisikoa eta psikikoa duen ikasle bati tratu txarrak eman zizkiola irakasle batek ikasturtearen hasieran. Zer gertatu zen?
Berria jakin genuenean gertaerak ikertzen hasi ginen. Egun batean, gurpil aulkian dagoen mutil bat urduri jartzen hasi zen. Irakaslearen bertsioa da ezin izan zuela ikaslea kontrolatu. Orduan, mutila gelatik kanpo atera zuen. Mutila itzuli egin zen, eta irakasleak beste gela batera eraman zuen. Gela ilun batean, bakarrik, lotuta eta lurrean utzi zuen mutila. Irakasleak esan zuen hori egin zuela, mutilak minik har ez zezan. Baina, gure iritziz, halako tratua ez da bidezkoa. Ezin da inolaz ere justifikatu pertsona bat horrela tratatzea, are gutxiago defendatzeko aukerarik ez duen mutiko bat modu horretan tratatzea. Mutila ezin zen mugitu.
Irakaslea ikastetxetik kanpo bost hilabetez egon da. Itzuli da lanera.
Bai. Irakaslearen lankide batek egin zuen salaketa ikastetxearen zuzendaritzan. Zigor espediente bat zabaldu zioten. Bost hilabeteko zigorra bete du. Lanera itzuli denean, gurasoek salaketa egin dute. Eta irakaslea beste lanpostu batean jarri du ikastetxeak, mutikoarekin zuzeneko harremanik izan ez dezan.
Elkartean konfederaziokoek erasoa salatu duzue. Baina eraso horretatik harago doa zuen salaketa, ezta?
Durangon gertatu dena guretzat muturreko kasu bat da, icebergaren erpina. Kasu honek adierazten du hezkuntza sistemak ezin diola erantzunik eman aniztasunari. Egunero gertatzen dira egoera bereziak, larriak, baina ez hain muturrekoak. Urritasun fisikoa duten ikasleekin egoera suabeagoak gertatzen dira maiz, komunikabideetan agertzeko lain ez direnak, gurasoek salatzen ez dituztenak.
Zein arrazoi daude halako egoerak gertatzeko?
Nabarmentzekoa da hezkuntzan murrizketak gertatzen ari direla. Durangoko institutuko irakasleak, adibidez, bere defentsan esan zuen murrizketekin ez dagoela baliabiderik aniztasunari erantzuteko. Laguntza irakasleak murriztu egin dituzte, eta irakasleek ikasle gehiago dituzte beren kargu. Irakasle horrek egin zuena ez da bidezkoa, argi dago. Baina baliabideen murrizketarena egia da. Hori nabaritu egiten da, eta behar bereziak dituzten ikasleek jasaten dute.
Hezkuntza sistema prestatua al dago urritasun fisikoa eta psikikoa duten ikasleekin lan egiteko?
Gure ustez, ez. Duela urte batzuk premia bereziak zituzten ikasleek zentro berezietan ikasten zuten. Erabat diskriminatzailea zen hori. Ikasle horiek ez zuten gizarteratze normala izaten, ez zutelako beste ikasleekin hartu-emanik. Modu horretan ezin da gizarte barneratzaile bat egin. Denborarekin aipatutako zentro gehienak itxiz joan ziren, eta beharrak zituzten ikasleak ohiko ikastetxeetara joaten hasi ziren. Baina orain, ikasle guztiak gela berean egon arren, ezberdintasunak daude.
Zeintzuk dira gaur egun ikasleen arteko ezberdintasunak ikastetxeetan?
Argi dago premia bereziak dituzten ikasleek laguntza eta babesa izan behar dutela. Eta beste erritmo bat. Baina gizarteratzea ez dabarneratzailea. Kontuan izan behar da premia bereziak dituzten ikasleak ordu batzuetan eskola berezietan egoten direla, eta ordu batzuetan elkartzen direla gelan beste ikasleekin. Jolastokian, ordea, ikusten da ikasle batzuk eta besteak ez daudela elkarrekin. Integrazioa soilik ikasgaia ematen den orduan lortzen da. Giroa ez da barneratzailea. Txangoei dagokienez, behar bereziak dituzten ikasleak ez dira joatera ausartzen. Eskola garraiorako ere kontratatzen diren autobus gehienak ez daude egokituta urritasun fisikoak dituzten ikasleentzat. Autobuseko bidaia oso garrantzitsua da ikasleen arteko harremanean, baina premiak dituzten ikasleak normalean bakarrik joaten dira eskolara. Horrenbestez, ikasleek beti ezberdintasuna ikusten dute. Oso zaila da egungo ereduarekin benetako barneratzea lortzea. Sistemak ez dio erantzunik ematen aniztasunari.
Zer neurri hartu beharko lirateke Durangoko gertaeraren antzekoak berriro ez gertatzeko eta ikastetxeetan egoera normalizatua egoteko?
Durangoko gertaeraren salaketa EAEko Arartekoari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari eraman diogu. Ikerketa egiteko eskatu dugu. Gustatuko litzaiguke administrazioekin hitz egitea aztertzeko zer egoeratan gauden. Gurasoen kexu asko daude, salaketa mailara iristen ez direnak. Beraz, diagnostiko bat egin behar da ezagutzeko zer-nola dagoen hezkuntza barneratzailea. Aniztasun funtzionala ez da lehentasunezkotzat jotzen. Une honetan ezin dugu aurrera jo. Webgune batzuetan irakurri ditugu iruzkinak esaten dutenak premia bereziak dituzten ikasleek oztopatu egiten dutela beste ikasleen jarduna. Larria da hezkuntzan segregazioa defendatzea.
Eusko Jaurlaritzarekin zuzeneko harremana duzue?
Bai, Jaurlaritzako sail guztiekin. Sailburuekin eta departamentuetako arduradunekin biltzen gara maiz horrelako gaiak lantzeko. Izan ere, helburu transbertsalak dira gureak.
Europako beste herrialdeetan hobea al da egoera?
Hori ikertzen ari gara. Hezkuntzako segregazioa, behintzat, ez dago inon. Laguntzarako irakasleekin lan egiten dute herrialde gehienetan, normalizazioaren bidean. Euskal Herrian baliabide guztiak murrizten ari dira. Zentroak egokitzeko ere gero eta diru gutxiago dago. Hori beste gai garrantzitsu bat da, zentro askotan baitaude oztopo arkitektonikoak.
Igor Navarro. Elkartean EAEko Gutxitasun Fisikoa Duten Pertsonen Konfederazio Koordinakundeko presidentea
«Gure hezkuntza sistemak ez dio erantzunik ematen aniztasunari»
Durangoko institutu batean irakasle batek urritasun fisikoa duen ikasle bat gela batean lotuta utzi zuen. Gertaera «muturrekoa» izanik, diagnostiko baten beharra ikusten du Navarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu