Herritarrek urte askoan esperotako urratsa egin zuen atzo Pasaiako Portu Agintaritzak. Azkenean: oniritzia eman zion badia eraberritzeko planari. Ricardo Peña presidenteak jakinarazi zuen erabakia, lau orduz luzatu zen administrazio kontseilutik irten berri: «Ingurua biziberritzeko lehenbiziko pausoa da». Herritarrak eta portuko enpresak elkarrekin hobeto bizitzeko zimendua, Peñaren hitzetan. «Eraberritzeko planean bien xedeak ezkontzea lortu dugu: badia inguruan bizi direnen premiei erantzungo diegu».
Bost esparrutan egin asmo dituzte moldaketak: Euskadi etorbideko errepidea zabaldu, Hospitalilloko aparkalekuak lurperatu, Trintxerpeko kaia eraberritu, eta Herreratik Ondartxora bidegorri bat egingo dute. Orotara, ia zortzi hektarea utziko dituzte herritarren esku. Egitasmoak 16 milioi euroko kostua izango du, eta 2018. urte erdialderako bukatzea espero dute. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak finantzatuko dute proiektua, biek diru kopuru bera jarrita.
Plana onartuta ere, ingurua hobetzeko ahaleginetan jarraitu behar delakoan da Peña: «Jendeari zaila zaio bizitzea sortzen dugun inpaktuarekin». Ildo horretatik, uste du udalari dagokiola orain esku hartzea. «Harena da protagonismoa; plana bere egitea dagokio». Zortzi hektareako eremu horretan, izan ere, bi eraikin berri ezartzea aurreikusten du udalak, herritarren beharrak asetzeko.
Enpresentzat ere, «onurak»
Asteon, hain justu, portuko eremua mugatzeak ekarriko lituzkeen arriskuez ohartarazi dute zenbait enpresak. Haien aburuz, bestelako interesengatik onartu dute egitasmoa, eta gaztigatu dute ez duela kitatuko portuaren eraginkortasunari buruzko ezinegona; areago, epe motzean inbertsioak eten ditzakeela ere baderitzote. Enpresariek salatu dute, halaber, beren bizkar onartu dutela plana. Peñak erantzun die plana «onuragarria» dela bai herritarrentzat eta bai enpresentzat. «Bien elkarbizitza hobetuko du, gainera».
Bide luze baten lehen hondar alea delakoan, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du Pasaiako alkate Izaskun Gomezek (PSE). Proiektua sostengatu du bozketan, argituta, betiere, ez dela «txeke zuri bat». Eragozpenak ikusi dizkio egitasmoari, eta «defizit» batzuk antzeman ditu: horietako bat, zehaztasun falta. «Baiezkoa eman dugu, baina ñabardurekin; herritarrei ezin diegu berriz huts egin». Gomezek, izan ere, ekonomikoki «herren samar» ikusten du oraindik proiektua.
Haren iritziz, planak ez du bermatzen badia inguruko herrien «biziberritze ekonomikoa». Lehentasuntzat du: «Oso ongi dago badia eraberritzean indarra ipintzea; okerra litzateke, ordea, biziberritze sozial eta ekonomikoa bazter lagatzea; are gehiago, gaur-gaurkoz inguruan daukagun langabezia tasa ikusita». Jakin badaki Gomezek ez dela zeregin samurra izango horri heltzea, eta aurreratu du zuzenketak aurkeztuko dizkiotela planari, «Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako beta eman bezain laster».
Herritarren ekarpenei so
Gomezen asmoekin bat dator Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatu Marisol Garmendia. Badia biziberritzeak bultzada ekonomiko eta sozialari lotua joan beharko lukeela uste du; hori bai, enplegua sortzea nahitaezkotzat jota. «Herritarren ongizatea hobetzeko». Baikorrago mintzatu da, bilkuratik ateratzean, Pasaiako Hirigintza zinegotzi Nahikari Otermin (EAJ). Haren esanetan, plana hasiera bat da badiaren benetako biziberritzea abian jartzeko. «Orain arte izan ditugun proiektuak handikiak izan dira, oso maximalistak. Esku artean daukagun proiektua, ostera, erabat egingarria da; erakundeen artean jaso duen babes zabala da horren erakusle».
Ez dira horrekin konformatuko. Herritarrek zer esana badutela iritzita, egitasmoa harilkatzen hasiko dira aurki, Oterminek iragarri duenez: «Jendearen proposamenak eta aldaketak jasotzeko prest gaude». Gipuzkoako Diputazioaren baiezkoa jaso aurretik ekingo diete eztabaida horiei. «Ez dugu epea iritsi arte itxarongo». Ongi ikusi du Garmendiak. «Herritarren adostasuna eta segurtasun juridikoa behar-beharrezkoak dira prozesu luze honetan; ez da zeregin erraza izango». Epeez, edonola ere, irmo agertu da Otermin, eta ziurtatu du orain hasi eta hiru urteren buruan proiektuak bukatuta egon beharko lukeela.
Gurpil zorotik irteteko lehen urratsa egin dute
Pasaiako Portu Agintaritzak oniritzia eman dio badia biziberritzeko egitasmoari.Bost eremutan egingo dituzte moldaketak.16 milioi euroko kostua izango du, eta 2018. urterako amaitzea espero dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu