Gurtza aretoak hirigintzan txertatu asmo dituen proposamena, prest

Jaurlaritzaren Gurtza Aretoen lege aurreproiektuari zuzenketak egiteko epea irekiko dute gaur

Gasteizko Sunna meskita, Alde Zaharrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aniztasun erlijiosoa kudeatzeko helburua duen araua fintzen ari da Eusko Jaurlaritza. Gaurtik aurrera, hogei egun baliodunez, Gurtza Aretoen legearen aurreproiektua jendaurrean jarriko du, herritarrek azter dezaten eta zuzenketak aurkez ditzaten. Ondoren, hilabete gutxi batzuk baino ez ditu izango Jaurlaritzak lege proiektua onartu eta Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko, bertan azken oniritzia eman diezaioten.

Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak prestatu du araua. Haren esanetan, testuak bi helburu nagusi izango ditu: batetik, «erlijio askatasunerako eskubidearen erabilera erraztea»; eta, bestetik, udalei irizpideak zehaztea eskubideok betetzeko.

Horretarako, udalek gurtza aretoak hirigintzan txertatu beharko dituzte; hots, gurtza eremuetarako guneak zehaztu beharko dituzte hirigintzaren plangintza egitean, «diskriminazioa edo ausazko murrizketa» saihesteko. Gorde beharreko lur eremua udalerriaren lur baliabideen eta erlijio «eskariaren» arabera zehaztuko da. Gurtza tokiek bete beharko dituzten baldintza teknikoak ere zehaztuko ditu legeak; horiek betetzen dituzten lekuek irekitzeko baimena jasoko dute.

Horrez gain, erlijio aniztasunaren kudeaketarako zenbait proposamen egin ditu Jaurlaritzak legearen harira. Besteak beste, protokolo bat aurreikusi du, araudia betetzen duen meskita baten aurka ager daitezkeen ekinbideen aurrean jarduteko.

Izan ere, ohiko bihurtu dira halakoak. Azken kasua Gasteizen izan da, Al Mohsinin meskitaren sustatzaileek gurtza aretoa Zabalganara mugitzeko prozesua hasi dutenean. Udalak zaindu du irizpideak betetzen dituztela, baina zenbait bizilagunek meskitaren aurkako mugimendua abiatu dute. Gutunak banatu dituzte auzoan: anonimoki, kutsu xenofoboko galderak egin dituzte.

Egoera bertsua bizi izan zen duela bost urte inguru Bilbon eta Gasteizen. Araudia bete arren, bi meskita irekitzeko egitasmoek topo egin zuten bizilagun batzuen aurkako jarrerarekin. Gasteizko Zaramaga auzoko meskitak, gainera, Javier Marotoren aurkakotasuna ere jasan zuen, alkatetzarako hautagai bezala hasieran, eta alkate bezala gero. Meskita horrek eraso xenofoboak ere jasan zituen, eta sustatzaileek bertan behera utzi zuten proiektua.

Patxi Lopezen gobernuak heldu zion jada gurtza aretoen gaiari: lege aurreproiektu bat prestatu zuen legegintzaldiaren azken txanpan, baina ez zen hura gauzatzerik egon. Orain Jaurlaritzak ezagutarazi duen testuaren mamia, hein handi batean, PSE-EEren proposamenetik hartua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.